Pandemia garaian hasi zan Harkaitz Cano “Pozaren erdia” liburuko poemak idazten. Sonetoak dira guztiak eta berak autortzen dau “murrizketak nagusi ziran garaian, neurri eta arau zehatzak dituen formatua” aukeratu ebala idazteko.
Susa argitaletxearen eskutik argitaratu dauan azken lanari buruz berba egin dogu beragaz, baina tartean berak aukeratutako musikea be protagonista izan da. Rafael Berrio donostiarraren “Niño futuro” diskoko kantuak proposatu deuskuz. Pandemia garaian hil zan musikaria eta agurtu barik joandako lagunagaz akordau da, justu liburuko poemak orduan hasi zalako idazten bera.