Bere lehenengo nobela kaleratu dau Goiatz Labandibarrek Erein argitaletxeagaz. Iaz Getxoko udalak antolatzen dauan Ramiro Pinilla lehiaketa irabazita “Bekatua” izenburuagaz argitaratu dau, nahiz eta lehiaketara proiektua “Biharamuna” izenagaz aurkeztu.
Narrazioak kaleratu izan dauz orain arte gehien, nahiz eta poesia eta antzerki-lanak ere idatzi izan dituen. Irratsaioan berak aitortu deuskunez, heldu da nobela, baina “laburretik laburrera” egin dau salto, nobela laburra dalako idatzi dauana.
Mikel Laboaren kantuak aukeratu ditu irratsaiorako. Halan be, “Txinaurria” izeneko diskoan beste euskal musikari batzuek bertsionatutakoak. 2010ean, Bidehuts plataformak emon eban argitara lan berezia eta bertan 19 euskal musikari eta taldek omenaldia egin eutsen Laboari. Disko horretako kantu batzuk ere entzungai izan dira aste honetako Irakurrieran irratsaioan.