Naukas programeak zientziagaz zerikusia daukien ikuskizunak eta berbaldiak batzen dauz

Zientzia dibulgazinoaren ekitaldirik handiena Euskalduna jauregian eta Bizkaia Aretoa-UPV/EHUn egingo da gaurtik domekara bitartean

Naukas zientzia dibulgazinoko ekitaldiaren edizino barri bat hartuko dau Bilbok

2023. Naukas Bilbao / Euskal Herriko Unibertsidadeko Kultura Zientifikoko Katedra

Euskal Herriko Unibertsidadeko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta, Naukas 2024egingo da irailaren 19tik 22ra bitartean Bilbon. Lau egunez zientziagaz lotutako ikuskizunak eta berbaldiak izango dira protagonista Euskalduna jauregian eta Bizkaia Aretoa-UPV/EHUn. Uxune Martinez EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak Lau Haizetara irratsaioan azaldu dauanez, programa hau 2017. urtean jaio zan zientzia dibulgatzeko helburu nagusiagaz. Bide batez, zientzia dibulgazinoak be kultur programazinoan lekua daukala erakutsi gura eben. “Zientziaz be disfrutau daitekela erakutsi gura gendun, bestelako ikuskizunak ikusi edo entzuten doguzan modu berean” azpimarratu dau Uxune Martinezek.

Naukas 2024 programeari eguen arratsaldean (17:00etan) emongo jako hasierea, Naukas Pro ekitaldiagaz. Ikertzaile eta arlo zehatzeko profesionalek itsasoa, energia barriztagarriak eta ozeanoen kutsadurea izango dabez hizpide Euskalduna Bilbaoko Auditoriumean. Euskal Herriko Unibertsidadeko, Plentziako Itsas Estazinoko (PiE-UPV/EHU), AZTIko, CSICeko eta TECNALIAko ikertzaileek itsasoaren hondoaz, plastikoen eraginaz edota energia lortzeko bide barrien inguruan berba egingo dabe.

Barikuan eta zapatuan, barriz, 60 bat hitzaldi labur entzuteko aukerea egongo da Naukas Bilbaoren ekimenaren barruan. Hizlariek zientziagaz lotutako gai desbardinak jorratuko dabez hitzaldi labur eta dibertigarrien bitartez Euskalduna Bilbaoko Auditoriumean. Sara Garcia Alonso Europako Espazio Agentziako (ESA) erreserbako astronautak parte hartuko dau, besteak beste.

Berbaldi guztietarako sarrerea librea izango da, aforoa bete arte.

Antzerkia eta magia saioa Naukas Kids-en

Naukas-en azken egunean, irailaren 22an, txikienen jakin-min zientifikoa asetzea helburu daukan Naukas Kids-en. Aurten, nobedade moduan, ikuskizunak izango dira domeka goizean Bizkaia Aretoa-UPV/EHUn. Alde batetik, Tor magoak zientzia oinarrian daukan Amarru magia saioa eskainiko dau. Eta beste alde batetik, Circociencia taldeak Jugando con fuego ikuskizuna eskainiko dau. Naukas-eko beste ekitaldietan lez, honakoetan be ez da izena emon behar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular
w