
Bizkaiko Eleizbarrutiko Ikastetxeen Sarean 12.800 ikasle inguru eta 1.100 irakasle zein behargin dagoz gaur egun. Honeek guztiak 18 ikastetxetan bananduta. 2025-26 ikasturterako aurrematrikulazinorako epea bukatuta, datuakaz pozik dagozala esan deusku Nerea Begoñak, sarearen buruak. “Etxebizitza askoko gunetan oso ondo joan jaku, leku batzutan hazkundea be igerri dogu. Kostaldeko herrietan edo etxebizitza gitxikoetan beherakada apur bat euki dogu, bi edo hiru ikasle gitxiago” esan deusku Nerea Begoñak.
Segregazinoa
Segregazinoaren aurkako neurri barriak hartuko dirala iragarri dau Eusko Jaurlaritzak. Hezkuntza sailak berak datuak emoten ebazan atzo: 2020an ikasle etorkinen kopurua %10ekoa zan eta 2023an %15ekoa. “Ikasle honeek nora heltzen diran ikusi behar da eta zonalde horreetako ikastetxeek tratamendu berezi bat euki beharko leukie. Beste era bateko antolamendua behar da” azaldu dau Nerea Begoñak. “Guk beti hartuko doguz eskuak zabalik baina laguntza gehiago behar dira” gaineratu dau.
Hezkuntza zentroen fusinoei buruz edo ikasleek daben euskera gaitasunari buruz be berba egin dogu gaur Goizeko Izarretan Bizkaiko Eleizbarrutiko Ikastetxeen Sareko buruagaz.