"Nestor Basterretxea. Diseinua eta Arkitektura" erakusketea dago ikusgai Bilboko Arte Ederren museoan

Bermeon jaiotako artistaren mendeurrena ospatzen da aurten

Nestor Basterretxea, artista poliedrikoa

Arte Ederren Museoko erakusketaren aurkezpena / Bizkaia Irratia

Maiatzaren 6an ehun urte beteko dira Nestor Basterretxea artistea jaio zala. Aurten, bere mendeurrena ospatzen hasiko dira eta ekitaldiak datorren urtera bitartean dagoz antolatuta. Ekitaldietariko batzuk egin dira eta azkena aurkezten Bilboko Arte Ederren museoan zabaldu dan erakusketea da.

Arlo askotan ibilitakoa

Nestor Basterretxea Euskal Herriko artistarik handienetarikoa kontsideratzen da. Euskal artea barritzen, gehien eragin eban artisten artean sartu behar da. Margolaritzan, eskulturgintzan, zineman, ilustrazinogintzan, diseinuan eta arkitekturan aritu zan. Azken arlo honeek dira ezezagunenak bere ibilbidean. Halan da be, garrantzitsuak izan ziran, izan be, Bilboko Arte Ederren museoan zabaldu dan erakusketan, Nestor Basterretxea. Diseinua eta Arkitektura izenekoan, inoiz erakutsi bako lanak dagoz ikusgai, arkitektura eta diseinu arloetan sortu ebazan piezak besteak beste. Maiatzaren 26ra bitartean egongo dira ikusgai.

Mendeurreneko ekitaldiak

Gorka Basterretxea artistearen semea da mendeurrenaren egitarauaren koordinatzailea. Esan deuskunez, Euskal Herriko uriburuetan eta handik kanpo be egingo dira ekitaldiak artistea gogoratzeko. Bermeon, jaioterrian, esate baterako, maiatzaren 6rako antolatu dira ekitaldiak. Nestor Basterretxearen bizitza eta obraren ganeko informazino eta baliabideak, web orrialde barri baten eskeiniko dira. Datorren astean dira honakoa aurkeztekoak. Webgune honetan, familiak Artium museoari dohaintzan emondako artxibo baliotsuak be izango dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular