Ondarroan Andrak Erramutan ekimenean parte hartzen dagozan 37 emakumeak entrenetan dabilz, udan Oriora joan-etorria egiteko. “Andrak Erramutan, zegaitik ez!” ideia Oriotik hartu dabe ondarrutarrek. 45 urtetik gorako emakumeei zabaldutako proiektua da eta kideetariko batek, Miren Urrestik, azalpen guztiak emon deuskuz Goizeko Izarretan saioan.
Arraunean ikasi eta gitxienez, Oriora joan eta etorria egiteko erronka daukie. Astean hiru entrenamendu egiten dabilz, udagoienean Ondarroako Arraun Taldearen egoitzan entrenetan hasi ziran eta orain dala gitxi trainerua uretara atara eta itsasoan be ibili dira. Euren helburua konpetitiboa ez dan arren, etorkizunari begira ez dabe ezer baztertzen.