Apirilaren 23an otsoaren babesa Duero Ibaiaren iparraldean murrizteko lege-proposamenaren bozketa egin zan Madrilgo Diputaduen Kongresuan, artzainek otsoagaz daukiezan arazoei aurre egiteko esan danez. EAJ, PP, Junts, UPN eta VOXek otsoaren babesa biguntzearen alde emon eben botoa, guztira 180 boto. EH Bilduk eta Coalición Canariak ez eben botorik emon. Eta PSOE, Sumar, Podemos, ERC eta BNGk kontrako botoa emon eben. Printzipioz proposizinoa aurrera doa.
Otsoaren eta artzainen egoerea hobeto ezagutzeko eta ulertzeko Antxon Iturriaga Areatzako artzaina eta Roberto Uriarte EHUko irakaslea, Podemoseko diputadu ohia eta Basondoko mehatxatutako basafaunaren babeslekuko arduraduna, geugaz euki doguz.
“Inork ez dau gura otsoa desagertzea, beharrezkoa da guretzako. Egin behar dana da behar dan lekuetan eukitea, Gorbeian ez daukaguz mediorik alkarbizitzeko. Ezin leike eroan pastoretza estentsibo bat otsoagaz. Horrela jarraitu ezkero ardi latxa hemendik urte gitxira desagertuko da” esan deusku Antxon Iturriagak. Pentsetan dau arazoa ondo aztertu behar dala otsoa kontrolauta egoteko.
Roberto Uriarteren eretxian, konponbidea ez da otsoaren babesa biguntzea, desagertzeko arriskua dagoela legea aurrera egiten badau. “Gu be animaliak gara, naturaren barruan zati bat baino ez gara eta beste zati bat zaindu behar dogu. Errespetau behar dogu dana ez dala gure errepidentzako eta gure aireportuentzako, ostantzean katamotzagaz gertau zan moduan otsoa deagertuko da” kontau deusku Uriartek.