The Beatles taldeak 1961.urtean debutau eban aretoan eskainiko dauz bere abestiak Arratiako taldeak

Kristonak talde bizkaitarrak Liverpooleko The Cavern-en joko dau urrian

Peio Artetxe (Kristonak): “Ez dogu sinisten hondino”

Kristonak talde bizkaitarra Liverpoolera joango da urrian. The Cavern Club areto mitikoan kontzertua eskainiko dau urriaren 12an. Areto horretan egin eban debuta The Beatles taldeak 1961.urteko zezeilaren 9an. Publikoaren artean Brian Epstein egoan, berehala The Beatles taldeko managerra bihurtu zana eta laukoteak bere kontratu diskografikoa sinatzea lortu ebana. Orduan Paul McCartney, John Lennon, George Harrison eta Pete Best ziran. 1962an Ringo Starrek Best ordezkatu eban. Gainerakoa, musikearen historiaren zati bat da.

Peio Artetxe baxujoleak azaldu deuskunez, orain dala hiru urte adostu eben kontzertua. Gero, pandemia tarteko, ezin izan eben bertan jo eta orain “antza, ametsa errealidade bihurtuko dalakoan gagoz. Ez dogu sinistuko eszenatokira igo eta bertan jo arte”.

Arratiako bandeak proiektu barria abiatu eban igaz Kristonak izenagaz. Aurretik Eskean Kristö ziran. Peio Artetxeren esanetan, “Kristöri eskean ibiltzetik, orain Kristonak izatera pasau gara”. 2022.urtean AhOBETEhORTZ diskoa kaleratu eben Elkar argitaletxeagaz. Gaur egun Pello Artabe (abotsa), Alex Harillo (gitarra), Aritz Ontalvilla (gitarra), Bittor Meabe (bateria) eta Peio Artetxe (baxua) musikariak dira Kristonak.

Liverpoolen jo aurretik, Kristonak taldeak Dimako Dimetal jaialdian parte hartuko dau irailaren 30ean. Pi L.T, Asgarth, Bullets of Misery, Alma Culter, Penny Fleck, Cobra, Kristonak, Numen, We Exist Even Dead, Rodeo eta Calathea taldeakaz arituko dira, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular