Europak zer izan nahi dauen erabagi behar dauela uste dau Pernando Barrenak, gaur egungo egoereari aurre egiteko

Eskuma muturraren gorakadea igarten hasita dagoz Europako legebiltzarrean

Pernando Barrena: “Europan erabagiak hartzeko sasoia heldu da”

Europak mehatxu edo arrisku handiak daukaz gaur egun: Ameriketako Estatu Batuek ezarri gura dituen arantzelak alde batetik, eskuma muturraren gorakadea bestetik, eta Ameriketako Estatu Batuen eta Errusiaren arteko erdi bat egitea be bai. Egoerea kritikoa da eta Europak erabagi handiak hartu behar dituan unea heldu dala esan deusku Pernando Barrena EH Bilduko eurolegebiltzarkideak.

Europak etorkizunean zer izan gura dauen erabagi behar dauela esan deusku Barrenak, eta horrek eragin handia daukala bere nazinoarteko harremanei begira eta munduan jokatu nahi dauen erari begira. Europa gaur egun ez ei dago oso indartsu, barruan aurkariak daukazalako, eta nahasketa honetan erabagiak hartu behar ei dira.

Militarizazinorako joerea egon leikela esan deusku EH Bilduko eurolegebiltzarkideak, eta segurtasunari begira egiten dala hori. Euren ustez, konponbidea ez da gatazken eskalatzea, nazinoarteko harremanak alkarrizketa eta alkarren arteko errespetuaren dinamikan oinarritutako konponbideak baino. Ukrainan amaiera posible bat ikusten dala esan deusku, nahiz eta ez dakigun zelako amaierea izango dan. Ameriketako Estatu Batuek laguntza militarra eteteko daben jarrera barriak egoerea baldintzatuko ei dau. Gerrea amaitu zein ez, Europako Estadu askok egingo ei dabe Ukraina Europako Batasunean sartzearen alde. Ukraina estadu handia dala nabarmendu dau, zabalera zein pertsona aldetik, eta gaur gaurkoz, baldintza ekonomiko esanguratsurik ez daukana Batasunean egoteko. Gainerako kideek urteetako prozedurak eta baldintzak bete ei ditue.

Donald Trumpek iragarritako arantzelak martxan ipinten badira, eragin kaltegarria nabarmena izango ei da. Dana dala, Barrenak dino hemendik saltzen diran produktuak kualifikatuak dirala eta uste dau gitxiago pairatuko dabela egoera horretan. Dana dala, Batasunak bere ekoizleak zelan babesten dituan be ikusi beharko dala. Horrez gain, holako politika protekzionistak epe luzera ez ei dira onak, arriskuak dagozalako inflazinoa sortzeko.

Eskuma muturra Europan izaten dabilen gorakadeaz be egin deusku berba Barrenak, nabarmenduz horren eragina Eurolegebiltzarrean igarten dabela, talde batzuk egon badagozalako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00