Sabin Kortabitarte Amoroton jaio zan 1940.urtean, baina ia 50 urte daroaz Aulestin bizitzen. Ikasketak burutu ostean, Markinako Eskola Laboraleko irakasle izateko aukerea sortu jakon. Eskualdean geratu gura eban eta eskaintzea onartu eban. Eskualdean herri txikiak husten egozan, industria gitxi egoan eta gazte guztiak kanpora joaten ziran lan bila. Horri bueltea emotea gatx ikusten eben, baina hori landu egin behar zan eta zerotik hastea erabagi eben. Sasoiko beste gazte batzuekaz batera, herrien errealidadea aldatzeko beharra ikusten eben. “Gura genduan gauza egonkor bat, bertatik bertarako izango zan garapen baterako bideak urratu, eta horretarako umeetatik, gazteetatik… hasi behar zan”, kontau deusku Kortabitartek. Aktibidade oso diferente askotan morgildu ziran. Herritarrak gero eta gehiago kontzientzietan, gurasoak kontzientzietan… Bitarteko pauso asko emon ebezan, esaterako, udalekuak sortu ebezan. Frankismo sasoia zan eta gatx egoan gauzak egitea. “Holako alkarte fantasmak-eta sortu behar izan genduzan, zerbait egiten hasteko” azaldu deusku. Gero buru-belarri sartu ziran udaletxeetan.
Aulestiko zinegotzi eta alkate orde izan zan, eta Gizaburuagako Okamika industrialdearen proiektuan be lan handia egin eban.
Musikea Sabin Kortabitarteren pasinoetako bat da. Aitarengandik musikazaletu zan. “Gure garaian musika ikastea elitistea zan” dino Sabinek. “Beti pentsau dot musikea gure kulturearen eta gizakiaren formakuntzan arlo osogarri inportantea dala, musikea zabala izan behar dauala, ahal dauan guztientzat” gaineratu deusku. Amoroton egoala, dantza taldea, txistulari taldea… sortu ebazan. Ostean, Aulestiko musika eskolea be sortu eban, danei musikea ikasteko aukerea emoteko. Horregaz batera, Sabin Kortabitartek Aulestiko fanfarria, abesbatza, danborradea edota Telesforo Monzonen Menditarrak obran egokitutako antzerki herrikoia sortu ebazan. Antzezlan honegaz Euskal Herrian zehar ibili ziran, Iparraldean be izan ziran. “Ekintza guzti honeek gero eta herri kontzientzia handiagoa hartzen laguntzen eben” nabarmendu deusku Sabin Kortabitartek.