Loraldia Festibala hasiko da gaur Bilbon. Bederatzigarren edizinoa da aurtengoa eta hilaren 26ra bitartean luzatuko da. Kultur adierazpen anitzak eskeiniko dira hamazazpi egunez Bilboko hamalau gune desbardinetan. Gabriel Arestiren poema bati erreferentzia eginaz “Mailua Gara!”izango da aurten lelo nagusia. “Harri eta herri” lanean dago jasota honako esaldia: “Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet mailu bat dela“. Amaia Ocerin komunikazino arduradunak azaldu deusku eurak be mailuak sentitzen direla eta kolpez kolpe euren unibertsoa zizelkatu nahi dabela sormena eta kultur adierazpenen bitartez.
Ekoizpen propioak
Bilbo, euskeraz sortutako kulturaren uriburua izango da gaurtik. Musikea, antzerkia, dantzea, literaturea, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak…Estreinaldiak eta ekoizpen propioak. Azken honeei jagokenez, “Galerna. Azken Bidaia” Arriaga antzokian eskeiniko da. Gogoratu Leioako Kantika Korala dala ikuskizun honen egilea. Aurrestreinaldia Leioan izan zan eta badabiz Bermeoko Udalagaz berbetan, bertan be eskeini ahal izateko. “Bilbon dabil Gabriel Aresti” ekoizpenean be hartu dau parte Loraldiak. Karmelo Landa eta Gabriel Aresti kultur alkartearen ekoizpena da honakoa. Arestiren sormena erdigunera ekarri nahi dabe hain zuzen.
Eire Festa, Loraldia Terminala, Lorazain Eguna…
Nobedadeetariko bat aurten, bestalde, Loraldiaren barruan Saint Patrick’s Day ospatuko dala. Martiaren 17an izango da hain zuzen. Eire Festa antolatu dabe. Asmoa, euskalduna ez dan jentea euskal kulturara erakartzea da.
Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Beñat Axiari, Ines Osinaga, Joseba Irazoki, Benito Lertxundi…izen handiak agertzen dira Loraldiaren egitarauan. Honeen parean jarri nahi dabez sortzaile gazteak be. Eurei begira aurten barriro be egingo da Loraldia Terminala. Gazte-sormenari eremua eta plaza eskeiniko jako egun osoz La Terminal aretoan.
Martiaren 21ean ospatuko da Lorazain Eguna. Azkuna Zentroan egingo da Lorazainei eskeinitako saioa. Eurentzat sorpresaren bat egongo dala iragarri dabe.
Ekintza osagarriak be badagoz Loraldiaren barruan. Martian eta apirilean erakusketea eskeiniko da Metro Bilbaon eta Sormen-Ola, euskal kulturaren ganeko transmisinoan oinarritutako tailerrak izango dira 16 eta 29 urte artekoentzat martia, apirila eta maiatzean.