Urriko azken astelehenean hasiko da Eusko Label winter series zesta torneoaren hirugarren ekitaldia Gernikako Jai Alai frontoian. Iñaki Osa “Goikoetxea”k eta Unai Lekerikabeaskoak Erik Mendizabal eta Minvielleren aurka jokatuko dabe. Guztira, zortzi bikote lehiatuko dira Euskal Herrian jokatzen dan torneorik garrantzitsuenean. A multzoan, Goikoetxea-Lekerika, Erik-Minvielle, Goitia-Basque eta Olharan-Del Rio lehiatuko dira final aurrekoetarako txartel biren bila. B multzoari jagokonez, Johan Sorozabal-Lopez, Erkiaga-Ibarluzea, Laduche-Gorka Sorozabal eta pro am torneoko bikote irabazlea.
Guztira hamasei jardunaldi jokatuko dira, guztiak astelehenetan, bi izan ezik. Gabon zahar egunekoa eta otsailaren 18ko finala. Eusko Label winter series torneoaren hirugarren ekitaldiak sekulako ikusmina sortu dau zesta zaleen artean. Aurreko asteko eguaztenean ipini ziran salgai txapelketa guztiko partiduak ikusteko bonoak eta daburduko, lehiaketea hasteko hamar egun geratzen diranean, 1.000 bonotik gora saldu dira.
Zazpi aurpegi barri izango ditu aurtengo winter series torneoak: Erik Mendizabal, Alex Goitia, Ion Ibarluzea, Ludovic Laduche, Gorka Sorozabal eta pro am torneoko irabazle biak. Igazko txapelketeagaz alderatuta, Diego Beaskoetxeak ez dau jokatuko zesta profesionala itxi dauelako. Xabi Barandika eta Jon Zabala be kanpoan geratu dira lesionaturik dagozalako.
Gernikako winter series torneoa, Iñaki Osa “Goikoetxea”ren kirol ibilbideko azkena izango da. Zumaiako aurrelariak Unai Lekerikabeaskoagaz jokatuko dau azken txapela eskuratzeko ahaleginean. Aritz Erkiaga eta Jon Zabala izan ziran txapeldun lehen ekitaldian eta Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopez bigarrengoan. Bizkaia Irratian, Ion Ibarluzea atzelari markinarragaz egin dogu berba Jokoan kirol saioan.