EHUk hiru infografia ondu dauz, surfaren eta zientziaren arteko loturea herritarrei erakusteko

Abuztuaren 13ra arte egongo dira ikusgai Sopelako Atxabiribil hondartza ondoan

Surfa alde zientifikotik azaltzen dauan erakusketea Sopelan ikusgai

'Surfa eta Zientzia' erakusketea Bakion egon zan garagarrilean / EHUko Kultura Zientifikoko Katedra

Surfak fisika dauka atzean. Olatuen sorrerea, taula ganean mantentzeko mogimenduak eta abar azaltzeko, indarren arteko harremanak ulertu behar dira. Horreek herritarrei hurreratzeko asmoz, Euskal Herriko Unibersidadeko Kultura Zientifikoko Katedrak, beste alkarte batzukaz batera -Euskal Surf Federazinoa, tarteko- infografia sorta bat atondu dau. Abuztuaren 13ra arte Sopelako Atxabiribil hondartzan egongo dira ikusgai. Garagarrileko lehenengo hamabostaldian, Bakion egon ziran.

Igaz Donostiako Udalagaz batera bultzatu eban proiektua EHUk, lehenengoz. Jasotako erantzuna ona izan zala ikusita, aurten Bizkaiko kostaldera ekartea erabagi dabe. Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak azaldu deuskunez, “surfa egokia da zientziaren printzipio eta ezagutzak zabaltzeko”.

‘Surfa eta Zientzia’ erakusketea hiru infografiak osotuten dabe. Lehenengoan taulen teknologia eta historian zehar izan daben garapena deskribetan da. Bertan, zurezko tauletatik material barriakaz egindakoetara emon diran aldaketak ikusi daitekez. Bigarren infografian olatuen sorreran haizeak, periodoak eta mareek daukien eragina azaltzen da eta surf egiteko olatu egokienak zeintzik dira azaltzen dira. Eta azkenik, erakusketea osotuten dauan hirugarren irudian, olatua zelan hartu eta horren ganean mugiduteko zehaztasun zientifikoak emoten dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular