
“Bizitza aukeratu. Beharra aukeratu. Karrera bat. Familia be bai. Kriston telebista, garbigailua, kotxea, CD erreproduktorea eta latak irekitzeko tresna. Osasuna aukeratu: neurrizko kolesterola eta dentista on bat…” Mark Rentonen monologo ironikoagaz hasten da Trainspotting. Danny Boylek zuzendu eban 1996an, Irving Welshen izen bereko eleberrian oinarrituta. Ewan McGregor gazte batek, Robert Carlyle edo Jonny Lee Miller aktoreek parte hartzen dabe kultuzko pelikula honetan.
Renton Edinburgoko Leith auzoan bizi dan gazte drogazale bat da. Bere lagunekaz dago beti, heroinaz inguratuta. Euren mundu zikina ezagutzen hasiko gara, zelan erabiltzen daben droga euren miseria ahazteko. Hori da aukeratu daben bizimodua. Rentonek bizitza ez aukeratzea aukeratu eban. Eta zergaitik? Ez dauka arrazoirik. Nork behar dau hori heroina daukanean? Protagonistaren bizitza jarraituko dogu, drogak alde batera ixten saiatzen dan bitartean. Drogei, lagunei, eta (batez be) bizitzari buruz hausnartuko dogu kuadrilla berezi honen eskutik. Ganera, euren testuinguru historikoa ulertzen saiatuko gara: HIES-ak markatutako belaunaldi baten amesgaiztoa.
Tarte berezitxoa eskeiniko deutsagu soinu-bandeari, gaur egun ikonikoak diran kanta horreei. Iggy Pop, Blur, Pulp, Lou Reed, New Order eta Primal Scream entzun geinkez, besteak beste. Izan be, Oasis taldearen kasu bitxia aztertuko dogu. Zergaitik esan eutson ezetz Erresuma Batuko talderik garrantzitsuenak pelikula honetan parte hartzeari?
Trantsizinoa, garapen pertsonala eta ondorioak lantzen dauzen pelikula honek bizitzeko gogoa berreskuratzera animatzen gaitu. Eta zuk, zer aukeratzen dozu?