Txopet zuzenekoak eskaintzen dabil; besteak beste, bagilean, Azkena Rock jaialdian joko dau

Hirukote bilbotarrak 2023an kaleratu eban lehenengo diskoa: 'Nahiz eta jausi'

Txopet: “Azkena Rock jaialdia oso esperientzia ona izango da”

Nahiz eta jausi Txopet musika taldearen lehenengo diskoa da. 2023. urtean kaleratutakoa, autoedizinoan atera eban taldeak. Berezko estilo baten bilaketa naturala da, identifikauta sentiduteko moduko proiektu bat defendatu ahal izateko. Zortzi kantuk osotuten dabe lana. Abestiak estudioko saio diferente bitan grabau ziran, lau hileetan zehar. Denpora hori funtsezkoa izan da hirukote honen zuzeneko musikea garatzeko eta taldekideen musika-estilo desbardinen arteko oreka bilatzeko. Emaitza “nahasketa” bat da Andoni Barinaga-Rementeria taldekidearen esanetan. Doinu poperoetatik hasi eta post hardcore edo post punk doinuetaraino. “Oso pozik geratu gara emaitzagaz”.

Nahiz eta jausi diskoa Eten Espazio Sonoron ekoiztu eben. Urtzi Iza arduratu zan diskoa ekoizteaz. Zuzenekoetan teknikari lez be ibilten da Iza. 2023ko Durangoko Azokan aurkeztu eban talde bilbotarrak lehenengoz Nahiz eta jausi diskoa, eta ordutik eten barik dabil zuzenekoak eskaintzen. Astegoien honetan Tolosan eta Zarautzen izango dira. Eta bagilean, Azkena Rock jaialdian joko dabe. “Bertigo apur bat daukagu, ez dakigu zer topauko dogun. Oso esperientzia ona izango da, aprobetxau egin beharko da momentua” esan deusku Barinaga-Rementeriak.

Andoni Barinaga-Rementeriaz gain, Iñigo Gueñes baxu joleak eta Jon Fernandez gitarra jolea eta abeslariak osotuten dabe hirukote bilbotarra. Aurretik beste musika talde batzuetan ibilitakoak ziran, baina bestelako musika estilo bat esperimentatzeko asmoz alkartu ziran 2022. urtean. Urte horretan Txopetek Gaztea maketa lehiaketea irabazi eban eta horri esker, taldeak 2022ko garagarrilean BBK Live jaialdian jo eban.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00