Bilboko hirukoteak uda ostean bere lehenengo diskoa argitaratuko dau

Aurretik, garagarrilean, Bilbao BBK Live jaialdian joko dabe, igaz Gaztea Maketa lehiaketea irabazi ostean

Andoni Barinaga-Rementeria (bateria), Iñigo Güemes (baxua) eta Jon Fernandezek (gitarra eta abotsa) osotuten dabe Bilboko Txopet taldea. Proiektu barria izan arren, aspaldiko lagunak dira Andoni, Iñigo eta Jon. Institututik ezagutzen dabe alkar. Hainbat banda eta proiektutan parte hartu ostean, alkartu eta Txopet sortzea erabagi eben orain urtebete pasatxo.

Ibilbide labur honetan, hirukoteak hiru kantuz osotutako EP bat (Txopet, 2022) eta Neska zaharrak eta Dorrean gora singleak kaleratu dauz. Ganera, sariak be irabazi dabez: Gaztea Maketa lehiaketea eta Barakaldoko Hiriko Soinuak.

2022.urteko abenduan Gaztea Maketa Lehiaketako finala irabazi eben Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Iñigo Güemesek aitortu deusku, ez ebela inondik inora itxaroten lehiaketea irabaztea. Talde bizkaitarrak 5.000 euroko saria eta 2023ko Bilbao BBK Live jaialdian joteko aukerea irabazi ebazan. Garagarrilaren 6an ikusiko doguz Txopet taldekoak Bilbao BBK Live jaialdian. Udan zuzeneko gehiago eskaintzeko asmoa daukie eta uda ostean kaleratuko dabe euren lehenengo lan luzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular