Aurtengo lehortea arazo handiak eragiten dabil nekazaritza eta abeltzaintza sektorean. Bazka eskasiari aurre egiteko, Bazka Mahaia martxan dago eta abeltzainen beharrizanak ezagutzeko inkesta egin da. Unzalu Salterain EHNE Bizkaiko koordinatzaileak azaldu dauenez, garrantzitsuena bileretara datuak aztertuta eta proposamen zehatzak landuta heltzea da.
Lehortearen ondorioak dagoeneko igarten hasi dira. Udabarriko bazka-bilketak onak izan ziran arren, ondorengo beroaldiek egoerea okertu dabe eta hainbat ustiategitan negurako gordetako bazka erabiltzen hasi dira. Horrek datozen hilebeteetan bazka gehiago erostea eta abeltzainen gainkostuak handitzea ekarri leike.
Salterainen ustez, arazoari ezin jako larrialdia heltzen danean bakarrik erantzun. Horregaitik, Bazka Mahaia egonkortu eta epe ertain eta luzerako estrategia lantzea defendatu dau, besteak beste bazka-erreserbak sortuz. Musturreko fenomenoak gero eta ohikoagoak izango dirala ohartarazo dau, eta sektoreak egoera barri horretara egokitu beharko dau.
Lehortetik harago, udagoienean lehen sektoreak beste gai garrantzitsu batzuk izango dauz mahai gainean. Horreen artean, elikadura, nekazaritza eta gastronomia lege barria eta Europako nekazaritza-politikearen etorkizuna nabarmendu dauz Salterainek.
