Bizkaiko traineruak izan dira protagonista nagusiak Kontxako banderearen bigarren jardunaldian. Urdaibaik lortu eban garaipena eta Zierbena bigarren geratu zan, bigarren jardunaldian Orio, Donostiarra eta Hondarribiari aurrea hartu ostean. Emakumezkoetan, Arraun Lagunakentzat izan zan garaipena, Donostiarra eta Orioren aurretik. Kaiku arraun taldeko traineruak lan txukuna egin eban Donostiako banderearen bigarren jardunaldian. Lehen txandea irabazteko borrokan sartu zan Hondarribia eta Hibaikagaz eta azkenean hirugarren postuan helmugaratu zan irabazlearengandik lau segundora bakarrik eta Zumaiaren aurretik. Gogoratu, Kaiku, Hibaika eta Zumaia Euskotren Ligara igoteko play offean lehiatuko dirala datorren astegoienean, Bermeon eta Portugaleten jokatuko diran estropadetan.
Emozinoa izan zan nagusi gizonezkoen lehian. Zierbenak errez irabazi eban lehenengo txandea, Cabo, Getaria eta Ondarroaren aurretik. Ondarrutarrak lehiaketatik kanpo geratu ziran Antiguako Amako arraunlarien zerrendea berandu emon ebelako. Zierbenak banderea eskuratzeko apostua bota eban eta bikain aritu zan estropadaren hasieratik. Bigarren luzearen hasieran makalaldi txiki bat izan arren, oso denpora ona egin eban, aurkariei alde handia kenduta ganera.
Zierbenaren lan bikainaren ostean, Urdaibaiko arraunlariek baekien euren onena emon beharko ebela Kontxako banderea irabazteko. Lehen luzearen azken zatian, kanpoko ziabogara heldu aurretik, Bou Bizkaiaren denporea Zierbenarena baino txarragoa zan eta lehen jardunaldian lortutako 7,75 segunduko aldea ez zan nahikoa banderea irabazteko. Iker Zabalaren mutilek, ostera, ez eben amore emon eta ziabogea 5 segunduko atzerapenagaz bete ostean, hegaz egin eben bigarren luzean, Zierbenaren denporea hobetzeko. Azpimarratzekoa da, Urdaibaik ia minutu erdikoa aldea kendu eutsola bere txandan bigarren sailkatu zan Hondarribiari. Alde itzela benetan.
Iker Zabala Elizondo, Bermeoko traineruaren entrenatzaileagaz egin dogu berba Bizkaia Irratiko jokoan kirol tartean