Zierbenak domekako Bizkaiko Traineru Txapelketea irabaztea espero dau

Arraunlari galipoak Bermeoko traineruagaz denboraldian eukiko daben lehiaren inguruan egin deusku berba

Urdax Antepara: “Gauzak oso ondo egin beharko doguz Urdaibai menderatzeko”

Zierbenako kuadrilla aurreko denboraldian irabazitako bandera bat ospatzen / Eusko Label Liga

Dana dago prest aurtengo traineru denboraldiari ekiteko. Domekan, Bizkaiko Traineru TxapelketEa jokatuko da Lekeition eta, duda barik, Urdaibai eta Zierbenako arteko lehia eukiko dogu gizonezkoen estropadan. Hain zuzen be, Urdax Antepara arraunlari galipoagaz egin dogu berba denboraldiko lehen hitzorduaren inguruan. Anteparak argi dauka gauzak “oso ondo” egin beharko dabezala Bermeoren aurretik geratzeko.

Izan be, azkenengo asteetan bateletan eta traineru txikietan egondako estropadetan Zierbena Urdaibairen atzetik egon da, hurbil egon arren. Trainerilletan, Urdaibaik Bizkaiko eta Espainiako txapelketak irabazi ditu; Zierbenak garaipena lortu dau Euskadikoan. Halanda be, Antepara pozik dago, emondako “aurrepausoa” nabarmena izan dalako eta Urdaibairi gero eta gehiago kostetan jakolako garaipenak eskuratzea.

Domekako hitzorduari begira, Anteparak gakoa zein izan ahal dan azaldu deusku: “Tarteak estuak izatekotan, oso garrantzitsua izango da akatsik ez egitea“. Gainera, lehen luzeak daukan garrantzia be nabarmendu dau.

Dana dala, liga irabazteko faborito nagusia da Urdaibai, Antepararen esanetan. Zierbenako arraunlariak dino Urdaibai aurreko denboraldian liga eta Kontxako Bandera irabazi ebazan kuadrilla manteniduteko gauza izan dala, fitxaketa barriak egin bitartean. Edozelan be, Hondarribia, Donostiarra eta Orio be aurkari zuzentzat jo ditu.

Aurreko denboraldian, Zierbena bigarren izan zan ligan zein Kontxako Banderan. Beraz, aurretik lortutako emaitzak hobetzeko, liga ala Kontxako Bandera irabazi beharko dau, behintzat, traineru galipoak.

Bertuteak

Bilbon jaiotako arraunlariak Zierbenak talde lez dituan aspektu positiboak laburbildu deuskuz. Esaterako, alkarteko arraunlarien gaztetasuna eta sendotasuna nabarmendu dauz. Aurtengoa Antepararen hirugarren denboraldia izango da Zierbeneko traineruan. Aurretik, Deustuko Tomateran izan zan 2009tik 2021era.

Beste albiste eta podkastak...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular