Dagoeneko 35 urte dira Urtz taldea sortu ebenetik eta hasieratik bereizgarri egin dauan estiloa mantendu daben arren, taldearen bederatzigarren lanak barrikuntzak dakarz. Esnatzean diskoa Sestaoko Polo Sur estudioetan grabau dabe eta Maldito Records disketxeagaz kaleratu dabe. Diskoetxeak dino “lozorroan murgildutako testuinguru sozial honetan, esnatzea eta bihotza iparrorratz lez hartzea aldarrikatzen dauala Urtzen disko barriak”. Hau da, gure barrukaldeagaz bat egitea patuak dakartzan erronkei aurre egin ahal izateko.
Zazpi kantu dakarz Esnatzean diskoak. Xabi Camarero abeslariak azpimarratu dauanez, Urtz izaten segiduten dau baina nolabaiteko “lifting” moduko bat egon da taldean soinu aldetik. “Urtzen esentzia mantentzen dan arren, barrikuntza dezente igarten dira grabaketa honetan”. Letren aldetik barnera begiratzen ahalegindu dira. “Galderen erantzunak kanpoan bilatu beharrean, barruan bilatzen saiatu gara”.
Xabi Camarero, Dani Vicente, Jorge Sanchez eta Ander Hurtado de Saratxo dira gaur egun Urtz taldeko kideak. Vicentek Sestaon daukan Polo Sur estudioa grabau dabe diskoa, entsaioetarako erabilten daben espazio berean. Horrek lana patxadaz eta lasai ontzeko aukerea emon deutsela azaldu dau Camarerok, baita esperimentatzeko be. “Etxean egotea lez izan da”.
Aurkezpen kontzertuak
Esnatzean disko barria aurkezteko asmoz, euskal uri eta herri nagusietako eszenatokietatik birea egingo dau Urtz taldeak. Aurkezpen birea urtarrilean hasiko dabe Bilborock aretoan, hilaren 27an. Zezeilaren 3an, lehenengoz Madrilen joko dabe, Moby Dick aretoan. Martiaren 15ean Iruñako Sala 2 Zentralen izango dira. Apirilaren 13an Zuberoako Hoki herria bisitauko dabe, hilaren 20an Baionako Le Magnéto agertokian aurkeztuko dabe disko barria eta hilaren 26an, barriz, Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxean. Momentuz konfirmau daben azken emonaldia Gasteizkoa da, maiatzaren 3an, Urban Rock Concept aretoan.