Algortako San Nicolas parrokiaren bultzadaz sortutako San Nicolas Zabalik alkarteak leku bat barriztau dau, Getxora iristen diran eta kalean bizi diran etorkin gazteei laguntzea emoteko. Joan dan astean inaugurau eben Abegigune lokala. Ekitaldian izan ziran Javi Garai parroko izan zana eta Fernando Marcos gaur egungo parrokoa, Amaia Agirre Getxoko alkatea, Itziar Peña Eusko Jaurlaritzako Sareen Sareko Sustapen eta Alkarte Ekintzarako zuzendaria, eta Aintzane Monteverde San Nicolas Zabalik alkarteko presidentea.
Xabier Elgezabal boluntarioak Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, lagun baten bitartez hasi zan boluntario lanetan joan dan ikasturtean, irakasle bat falta zalako. “Lehenengo momentutik engantxau ninduan ekintzak. Esker onekoak dira ikasleak”. Bere esanetan oso polita da, klaseak amaitu ostean, ikasleak banan-banan hurreratzea, besarkada bat emotea eta “Muchas gracias, señor profesor” entzutea. Xabierrek astean behin emoten deutsez gaztelaniazko klaseak.
Abegigune lokalean aholkua eta laguntzea emoten jake Getxora iristen diran etorkin gazteei. Kalean bizi diran gazteak dira, Algortako basoetan edo inguruko herrietan. Lokalean armozua edo askaria banatzen deutsie, tramiteak egiten laguntzen deutsie edota gaztelaniazko klaseak be eskaintzen deutsiez. 150 boluntario inguru dabilz laguntzen.