Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko da aurten, historian bigarren aldiz. Efemeridea baliatuta, Xabier Fernandez kazetariak Tourraren azterketa historikoa egin dau gaur aurkeztuko dogun liburuan, “Nazioen Tourra” deitutakoa.
Liburu honetan Tourrak prentsaren eta nazinotasunaren ikuspegitik izan dauen bilakaerea agerian laga dau. Egilearen eretxian, beste kirol ekitaldi batzuk baino nabarmenago, XX. mendeari zentzuna emoteko balio izan dau Tourrak, zenbait gai arantzatsu tarteko: klase harremanak, genero rolak, gizarte kohesinoa, batasun nazionala, lanaren izaerea, osasun publikoa…
Horrela, prentsa idatziaren azterketea xehearen eta aditu zein arituen lekukotzen bitartez, agerian geratuko da hedabideek sortutako irudiek eta bultzatutako mezuek zer-nolako eragina izan daben nazino identidadeen eraikuntzan eta deseraikuntzan…
Xabier Fernandez Athletic Clubeko prentsa burua izan zan eta, aurretik, erredaktore buru “Gara” eta “Egin” egunkarietan. Horrez gainera, hainbat liburu idatzi dauz.