Bidasoa ibaian 2023 eta 2024 urteetan ez da hildakorik izan

2024an 6.243 pertsonari emon jake arretea Irunen, 2023an artatutakoen %53 gehiago

Xabier Legarreta: “Irunera iristen diran migratzaileen %90 Kanarietatik datoz”

2024ko migrazinoaren balantzearen arabera, 6.243 pertsonari emon jake arreta Irunen, 2023an artatutakoen %53 gehiago. Eusko Jaurlaritzak emondako datuen arabera, migratzaileen %90 Kanarietatik datoz.

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Erronka Demografiko eta Gazteria sailburuordeak Irungo koordinazino mahaiaren bileran gaur aztertutako gai nagusiak azaldu dauz Bizkaia Irratian. Erakunde publikoek eta hirugarren sektoreko eragileek migratzaileei arreta emoteko estrategiak partekatu dabez. Lehenengoz Kanariar Uharteetako Gobernuko ordezkariak be batzarrean izan dira.

Legarretak nabarmendu dau azken urte bietan Bidasoa ibaian ez dala hildakorik izan, eta ez dala beharrezkoa izan kontigentzia-plana aktibatzea, baliabide arruntek behar moduko arreta bermatu dabelako.

2018tik hona Irungo migratzaileen arreta-sistemak ia 28.000 pertsona artatu dauz bertako baliabideetan. Gehienak 30 urtetik beherako gizonak dira (%92), eta gehienak Malitik (%41) eta Ginea Konakrytik (%24) datoz.

Eusko Jaurlaritzak, beste erakunde batzukaz batera, migratzaileentzako segurtasuna eta arreta hobetzeko lan egiten segiduko dauela azpimarratu dau Legarretak. Horretarako, lankidetza areagotzea funtsezkotzat jo dau Eusko Jaurlaritzako Erronka Demografiko eta Gazteria sailburuordeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00