
Margotzeko afizinoak batu eta YA Murals enpresa sortu eben Uribe Kostako Yera Llonak eta Asier Martiarenak. Asierrek espraiagaz margotzeko eukan abilidadea, Yerak tatuatzaile modura daukan lanagaz buztartzen dau orain bere ofizioa. Urtebetean, batez be, denda eta zerbitzu establezimenduan kanpoaldea (pertsianak askotan) margotu dabez. Baina urteko ibilbidean, Sopelako Iberre instituturako eta Bilboko Udalak antolatutako Iturribide kalea apaintzeko lanak nabarmendu deuskuz Yera Llonak Goizeko Izarretan irratsaioan.
Lanak enkarguz jasotzen dabez. Sarri lana eskatzen deutsienak zer margotu ez dau jakiten eta eurak ahalegintzen dira inguruneagaz lotura daukan diseinua proposatzen. Bereziki “natura eta mitologia” marrazkiak gustetan jakez, dana dala. Proiektu txikietan murgilduta ibili dira orain arte, eta irrikitan dagoz udalerriren bateko horma handiren batekin saiatzeko. “Halango enkargu politen bat” etorteko zain dagoz. Begiz jota be, margotzeko moduko horma batzuk badaukiez Berango eta Plentzia herrietan.