1.500 enpresa batzordek bat egin dabe huelgeagaz

Itsasne Nuñez (LAB): "Bilbo hankaz gora jarriko dogu, jarraipen zabala espero dogu"

Zaintza erdigunean gaurko greba feminista orokorrean

Gaur goizeko manifestazinoa Juan de Garay kalean / Bizkaia Irratia

1.500 enpresa batzorde baino gehiagok bat egin dabe mogimendu feministak gaurko deitutako greba feminista orokorragaz. Andrak eta gizonak dagoz huelgara deituta eta aldarrikapen nagusia zaintza lanak erdigunean ipintea izango da. LABetik dinoe zaintza lanetan dabilzanek Euskadiko Barne Produktu Gordinari egiten deutsen ekarpena %25,7koa dala, eraikuntzan edo industrian sortutakoa baino handiagoa. Bestalde ELA sindikatuak orain dala hiru urte egindako ikerketa baten esaten da EAEn 434 zahar etxe dagozala eta horreetatik %40 baino ez dirala sare publikotik kudeatzen. Seme-alaben, pertsona nagusien edo gaixoen zaintzan andrazkoek gizonek baino ordu gehiago sartzen dabez bai astegunetan eta baita astegoienetan be.

Goizeko 07:30etan Zabalburu inguruan hasi dan manifestazinoan egon da Oihane Irazu lankidea eta hango giroaren barri emoteagaz batera Itsasne Nuñez (LAB) alkarrizketatu dau. “Greba honen lanketa oso handia izan da eta jarraipen zabala itxaroten dogu. Sistema kapitalista kolokan jarten dabe gaurko aldarrikapenek. Sistema honek emakumeei esker baino ez dau aurrera egin eta egora hori irauli nahi dogu” zehaztu dau Nuñezek.

Mobilizazinoak

Goizeko 07:30etan Bilboko sarrerak mozteko helburuagaz lau manifestazinok urten dabe San Mames, Enekuri, La Salve eta Juan de Garaytik. Durangaldeko manifestazino nagusiak Durangoko Landakogunetik urtengo dau arratsaldeko 18:00etan. Lea-Artibaiko manifestazino handia ordu berean atarako da Markinako Arkupetik. Algortan eguerdiko 12:30etan mobilizazinoak urtengo dau Telletxe plazatik eta Erandion ordu berean manifestazinoa atarako da Altzagatik. Gernika-Lumon, bestalde, hitzordua 18:00etan izango da udaletxearen aurrean.

Gitxieneko zerbitzuak

Ospitaletan jaiegunetako zerbitzua eskainiko dabe, Lehen Arretan zapatuetakoa eta Larrialdietan, zerbitzua ehuneko ehunekoa izango da. Adinekoen egoitzetan gitxieneko zerbitzua %50ekoa izango da eta bazkal eta afal orduetan %60koa. Ikastetxeetan sarrera-urteeratan langile bi egongo dira eta etapa bakotxeko irakasle bat. Garraio publikoan, barriz, gitxieneko zerbitzua %30ekoa izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00