Ondarea, kulturea eta barrikuntza buztartu nahi dabez

Zelako Kultur Ideiak alkarteak antolatu dau HerrikoFest jaialdi ibiltaria

ZeberioKO, landa eremuko lehen jaialdi handia

HerrikoFest / Bizkaia Irratia

HerrikoFest jaialdiaren lehenengo edizinoa egingo da Zeberion gaurtik domekara bitartean. Zelako Kultur Ideiak izeneko alkartea da HerrikoFest jaialdiaren antolatzailea. Alkarte hau orain dala urte ta erdi sortu eben Itsaso Payak, Maria Riverok eta Gorka Txamorrok. Sortzaileak eurak, baina, antolatzaile jarri dira oraingo honetan. Zeberio ezagutu eta maite daben herria izanik aukeratu dabe lehenengo HerrikoFest egiteko. Ibiltaria izango da, landa eremuko ondarea, kulturea eta barrikuntzea buztartu nahi dauazan jaialdia.

Hainbat ekitaldi Zubialden

Zeberioko Zubialde auzoko hainbat gunetan izango dira ekitaldiak. Hamabost kontzertu, mahainguru bi, dantza emonaldia, bertso saioa, erakusketak, bertako ekoizle eta artisauen azokea, tailerrak, janari eta edari dastaketak…egitarau betea antolatu dabe. Amparanoia, Woman Soldier, Green Valley Band, Bad Sound System, Maria Rivero, Janus Lester, Skabidean, Burbuilak edo Ses arituko dira kontzertuak eskaintzen Zeberion. Eguneko sarrerak eta astegoieneko bonoak Zelako Kultur Ideiak alkartearen webgunean eskuratu daitekez. Jaialdian zehar, Zeberio Kantuz sormen ariketa kolektibo eta partehartzailea garatuko da herriko jente eta eragileakaz. Zeberiotarrentzat sortutako abesti eta koreografia batzen dauan bideoklipa grabauko da gaur eta domekan eskeini.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00