Zapatuan hondartzen denboraldia hasiko da eta Lekeitio guztiz aldatzen da uda garaian. Aparkalekuak dira azkenaldian zeresana sortu daben gaietako bat. Udaletik aparkalekuen araudi barria prestatu dabe eta nobedadeetako bat kanpoko aparkalekuak ordainpeko jartea zan. Baina orain bi aste BFAk Lekeitioko udalari jakinarazo deutso, euren titularpekoak dirala Ispaster bidean dagozan biak eta ezin dirala ordainpeko izan. “Ez dogu ulertzen gai honek sortutako polemikea beste udalerri askotan holako sistemak aspalditik indarrean dagozanean. Zein izan da sorpresea? Ba, 14 urtetan guk kudeatu doguzan aparkaleku batzuk Aldundiaren lurretan dagozala jakitea” esan dau Ander Aldazabal alkateak. Udalak Aldundiagaz batzar batzuk eskatu dauz baina ez dau emoten aparkalekuen sistema barria martxan jarriko danerako (ekainaren 15a) Isparter bidean dagozan bi aparkalekuen auzia konponduta egongo danik. Ziurrenik aparketako gune urdinean, sarrerako aparkalekuan eta itsasargirako bidean dagoan bestean ordaindu beharko da eta momentuz emoten dau Ispasterrerako biribilgunearen ondokoetan ez dala ordaindu beharko. Gune berdean Lekeitio, Ea eta Lea-Ibarreko herritarrek doan aparkau ahalko dabe.
Etxebarri eta Markina lotzeko saihesbidearen proiektuak aurrera darrai. Eguneroko kamioien joan-etorria desbideratzeko obrak hasita dagoz eta BFAk abian jarritako lanei esker Markinatik igaroten dan trafikoa erdira murriztu gura da. Lanak 2026rako amaituta egotea itxaroten da. “Orain dala 15 egun obrak bisitau genduzan. Ondo doaz, ez dira obra errazak. Momentuz lanak herriaren kanpoaldean egiten dabilz. Hori bai, 2025eko udagoeienean tunela egingo dabenean, hiru minuturo kamiokada bat igarotea aurreikusten dogu. Ordurako, batez be umeen segurtasuna bermatzeko, Interbiak-egaz segurtasun neurri batzuk adostu doguz” azaldu deusku Iratxe Lasak, Markinako alkateak gaur Goizeko Izarretan irratsaioan.
Etxebizitza bat alokatzeko Lekeition eta Markinan dagozan arazoei buruz, osasun baliabideei buruz eta bardintasun politikei buruz be berba egin dogu Lea-Artibaiko bi udalerri honeetako agintari nagusiakaz.