EHUk Zientziaren Astearen XXVI. edizinoa inaugurauko dau bihar, zemendiak 3, Zientzia eta Artea lelopean. Hilaren 8ra bitartean, ia berrehun ekitaldi antolatu dabez Barakaldon, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, zientzia herritarrengana hurreratzeko, eta ikerketea eta artea alkartzeko. Aurten, ganera, inklusinoari arreta berezia eskainiko jako: dibertsidade funtzionala edo kognitiboa daukien pertsonengana eta gizarte-zaurgarritasuneko egoeran dagozan kolektiboengana heltzeko.
Nerea Jauregizar EHUko Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko zuzendariak azaldu dauanez, bai zientzia bai artea, “biak sortzen dira kuriosidadeagaitik, esploratzeko beharretatik, galdera egitetik eta inguratzen gaituen mundua ezagutzeko eta ulertzeko nahi horretatik”. Horregaitik erabagi dabe diziplina bi horreek alkartzea aurtengo edizinoan. Zientzia txokoak, tailerrak, ibilbide didaktikoak, berbaldiak, erakusketak eta ikuskizunak egongo dira, doan. Aurtengo egitaraua hainbat museo eta kultur guneetara be zabaldu dabe: Bilbon, Arte Ederren Museora eta Itsasmuseumera; Donostian, San Telmo Museora eta Chillida Lekura; eta Gasteizen, Bibat Museora eta Ataria gunera, besteak beste. Jauregizarrek azpimarratu dauanez, unibertsidade publiko baten erantzukizuna ez da irakaskuntzea eta ikerketea egitea bakarrik. Ezagutza herritarrekaz partekatzea be bajagoko, gizarteak informazinoan oinarritutako erabagiak hartzeko tresna gehiago izan dagiazan.
Zientzia Astearen lau egoitzakaz batera, zientzia herri gehiagotara eroateko ahalegina egin dabe. Horren adibidea da, Zientzia kalean erakusketa ibiltaria. Erakusketak eguneroko objektuen atzean dagozan zientzia erakusten dau hamaika infografiaren bitartez. Mungian egon ostean, Bermeon eta Gernikan be ikusgai egongo da. Ganera, aniztasun funtzionala daukien pertsonentzat eta gizarte-zaurgarritasuneko egoera dagozan kolektiboentzat egokitutako jarduerak antolatu dira. Zientzia eta Artea pertsona guztientzat erakusketa da aurtengo edizinoko proposamen nabarmenetako bat. Dagoeneko Bilbon, Bizkaia Aretoaren aurrean ikusgai dago. EHUko ikerketa-proiektuetan oinarritutako irudi zientifikoak biltzen dauz. Irisgarritasuna sustatzeko, QR kodeen bidezko audiodeskribapenak eskaintzen dauz, baita irudi batzuk ukimenaren bidez esploratzeko aukerea be. Erakusketea zemendiaren 16ra arte egongo da Bizkaiko uriburuan, eta ondoren beste herri batzuetara eroateko asmoa daukie.
Zientzia Asteko jarduera guztiak doakoak dira. Halanda be, publiko orokorrarentzako tailer eta ibilbide didaktiko batzutan aurretik izena emon behar da Zientzia Astearen webgunearen bitartez. Gainerako jarduerak sarrera librekoak dira, aretoa bete arte.
