Athleticen lan onak ez eban saririk euki Bartzelonan

Ernesto Valverderen taldea ondo lehiatu zan Montjuicen baina ezin izan eban apurtu azken urteetako bolada txarra
Nico Williams Montjuicen / Athletic Club

Athleticek ezin izan dau punturik lortu Bartzelonaren aurka Montjuicen jokatutako partiduan. Ernesto Valverderen taldearen lan ona sari barik geratu da lehia amaitzeko hamar minuturen faltan Marc Guiu debutariak sartutako gol baten ondorioz. Punturen bat lortzeko meritoak egin arren, Bartzelonaren aurkako lehia ez zan ondo hasi zuri-gorrientzat. Izan be, hasierako hamaikakoan egoan Ander Herrera lesionatu egin zan-eta beroketa saioan. Valverdek, Iñigo Ruiz de Galarreta, lesino bat gainditzetik etorren jokalaria zelairatu behar izan eban zelai erdian.

Konplexu barik ekin eutsoen zuri-gorriek partiduari, Bartzelonari bere betiko jokoa egiten itxi barik. Ganera, Valverderen taldeak aukera garbiak euki ebazan markagailuan aurreratzeko baina Ter Stegenek ezerezean itxi ebazan Williams anaien ahaleginak.  Unai Simon be bikain ibili zan Bartzelonako jokalariek izandako gol aukeren aurrean.

Ernesto Valverdek hasieratik zelairatutako hamaikakoko beste jokalari bat aldatu behar izan eban. Izan be, Yuri Berchichek ezin izan eban segidu zelaian ezker izterrean kolpe gogorra hartuta. Ikusteko dago zenbat denpora beharko dauen zarauztarrak barriro jokatzeko moduan egoteko. Izan be, ez da ahaztu behar Carvajalek, Real Madrideko jokalariak, izter horretako peronea apurtu eutsala aurreko denporaldiko azken partiduan.
Lehen zelaian gertatutakoa ikusita, baikortasuna zan nagusi bigarrenera begira. Bazirudien Athletic gauza izango zala puntu bat edo hiru lortzeko Bartzelonaren zelaian. Bigarren zatian, lehenengoan baino aukera gitxiago sortu ebazan talde zuri-gorriak baina aurkariak be ez eban arrisku handirik sortu Unai Simonen ate aurrean. Partidua kontrolpean egoala zirudienean, Joao Felixek baloi bikaina sartu eutson Guiu debutariari Athleticeko atzelarien bizkarrera eta hamazazpi urteko aurrelariak garaipenaren gola emon eutson bere taldeari. Unai Simon Bartzelonako jokalariaren jaurtiketea geratzeko zorian egon bazan be, azkenean baloia sareetara joan zan. Amaiera krudela benetan. Izan be, punturen bat lortzeko meritoak egin ebazan Athleticek.

Bartzelonan galdu arren, sailkapeneko goialdean jarraitzen dau talde zuri-gorriak. Ernesto Valverderen mutilek garaipenaren bidera itzultzeko aukera bikaina daukie datorren domekan San Mamesen Valentziaren aurka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular