Urdinek garaipen barri bat eskuratu dabe aurredenporaldian. Gaur arratsaldean Eibarri irabazi dinoe, LaLiga Hypermotionen arituko dan beste talde euskaldunari, Urritxen jokatutako derbian. Haritz Mujikaren mutilek 2-1 irabazi dabe Sibo eta Carbonellen golekin.
Norgehiagoka oso polita hasi zan, lehen hamar minutuetan bi gol egon baiziran. Sibok 5.ean aurreratu ebazan urdinak. Ghanarrak Raycok area barruan emondako pasea aprobetxatu eban baloia Lucaren ate barrura bidaltzeko. Markagailua barriro berdindu zan handik gutxira, Tronchok buruz 1-1ekoa sinatu eban eta korner baten ondoren. Partidu nahiko parekatua eta aukerea handirik gabe jarraitu eban Sibo, ordu erdia gaindituta, atea barriro ikustetik gertu egon zan arte, Raycoren jaurtiketea indartsu bat buruz desbideratuta. Baloia gutxigatik joan zan kanpora. 2-1ekoa 38. minutuan heldu zan, Carbonellen bitartez. Erdilari katalanak aurkariaren zelaian lapurtu eban baloia, areara iritsi eta kalitate handiarekin zutoinari itsatsita sareratu eban.
Eibarrek abagune ona sortu eban bigarren zatiaren hasieran, baina Tejeroren jaurtiketea gora joan zan. 60an Blancho Leschukek bilatu eban berdinketea Marinok gelditu eban tiro indartsu batekin. Urdinek aukerea batekin erantzun eben, baina Edwardsen erremateak ez eban atea aurkitu Seguinen erdiraketea baten ostean. Nekeak eragin handia izan eban derbiaren azken txanpan eta aukereak urriak izan ziran. Urdinek egoerea kontroletan jakin eben aurredenporaldiko laugarren garaipenea lortzeko.