BeeGuards proiektuak 6 milioi euro jasoko dauz EBtik

Erlauntzetan kimikoak erabiltearen aurrean alternatibak bilatzeko proiektua da
Beeguards proiektua / UPV-EHU

BeeGuardsek, lehia biziko prozesu gogor baten ondoren, Horizon Europe ekimenaren esparruan finantzatutako «Erlezaintza erresilientea» deialdian hautatutako bi ikerketea proiektuetako bat izatea lortu dau. Proiektuak –6 milioi euroko zuzkidurakoak– 4 urteko iraupena dauka eta 2023ko urrian hasiko da. UPV/EHUko Genomika Aplikatuko eta Bioinformatikako ikertaldea BeeGuards proiektuaren bazkide nagusietako bat da, eta Nekazaritza Ikerketarako Italiako Kontseiluko (CREA) Cecilia Costa doktoreak koordinatzen dau. Alabaina, partzuergoaren barruan 26 bazkide inguru dagoz, tartean unibertsitateak, ikerketea nazionaleko zentroak, erlezaintza alkarteak eta erlezainak. Iratxe Zarraonaindia eta Melanie Parejo Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta doktoreek zuzenduko dabe proiektu horretako lan pakete garrantzitsuenetako bat.

Hona hemen ezarritako helburuetako batzuk: batetik, praktika jasangarriak eskaintzea, erlauntzak maneiatzean eta kudeatzean kimikoen erabilerea desagerrarazteko edo, gitxienez, murrizteko. «Erleek gaixotasun asko daukiez, eta, kasu honetan, errudun nagusiak Varro generoko akaroak dira, birus asko transmitidu eta ahultzen baitauz. Erlauntzak tratau behar dira, hil ez daitezen, eta oraindik ez dago urtenbide erabat jasangarri eta ekologikorik. Baten bila gabilz», adierazi dau Parejo doktoreak. Horretarako, erlauntzak etengabe monitorizatu behar dabez, horreek tratetako une zehatza detektetako asmoagaz. «Atal honetan monitorizazino digitala eta azken belaunaldiko sentsoreak erabilten doguz erlauntzean tenperaturea, hezotasuna, bibrazinoak eta halako faktoreak aztertzeko», azaldu dau.

Eta, bestetik, erleen erresilientzia hobetu nahi da, hazkuntza barritzailearen eta erle sendoenen hautaketaren bidez. «Horrek esan nahi dau erleen hautaketea bat egin eta genetikoki hobetu behar dirala. Varroa akaro asko izanik be erlezaintzarako ezaugarri onak daukiezan erleak hazten dira. Akaro horreen eraginez gaixotzen badira, adibidez, bizirik ataraten direnak baino ez dira haziko dira; hala, akaroarekiko erresilienteagoak diran erleak lortuko doguz eta hurrengo belaunaldian indartsuagoak izango dira erleak», adierazo dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular