Alejandro Landaburu Elgiazu 1906ko abuztuaren 11n jaio zan Elorrion. Bost neba-arrebetan zaharrena zan. Argazkigintzan noiz hasi zan ziurtasunez jakiterik ez dago, baina hogeiko hamarkadaren bukaeran izan eitekeala erakusten dabe hainbat gertaerek.
Aita gurdi-egile eta mekanikoa zan, eta bere anaien antzera, Alejandrok be automoziorako zaletasuna eukan. Horregatik Elorrioko bainuetxera joaten ziran aristokrata-familien txofer moduan lehenengo, eta gero taxi-gidari lan egin eban. Bere gidari-lanei esker ezagututako familia aberatsen baten eraginez piztu ahal izan jakon argazkiekiko zaletasuna. Bestela, Durangoko Foto Germanen argazki jardueratik. Izan be, sasoiko Elorrio futbol taldearen argazkietan Alejandro bera agertzen da jokalari.
Gerra zibila hasi zanean, Alejandrok, ideologiaz tradizinozalea, “Radio Requeté de Campaña” konpainian izena emon eban. Sukaldaria izan zan frontean, baina argazki-kamera eroan eban berarekin eta karlisten aldeko fronteko argazkiak atera ebazan.