Bizkaiko historian andrazkorik gehien euki dauen foru gobernua izango dau Aldundiak

Elixabete Etxanoberen foru gobernuak bost aurpegi barri dakarz
Elixabete Etxanobe, BFAko Ahaldun Nagusi barria / Bizkaiako Batzar Nagusiak

Bizkaiko Batzar Nagusiek Elixabete Etxanobe aukeratu dabe BFAko diputadu nagusi EAJko eta PSE-EEko batzar kideen botoei esker. Beste bi hautagaiek, Iker Casanovak (EH Bildu) eta Raquel Gonzalezek (PP) baino babes handiagoa jaso dau EAJko hautagaiak. Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, lehenengo bozketan, gehiengo osoz aukeratu dau gaur batzarkide jeltzalea, datozan lau urteetan Aldundia zuzentzeko.

Etxanobek bere berbaldian esan dau anitzen arteko akorduak bilatuko dauzela eta alkarrizketan oinarrituko dauela bere ibilbide barria. Historian Bizkaiko lurraldeak eukiko dauen lehen Ahaldun Nagusi andrazkoa izango da. Emakumeen indarra foru gobernuaren sorkuntzan be ageri da, zortzi emakumek eta gizon bik osotuko dabe. Historian andrazkorik gehien euki dauen gobernua izango dau Bizkaiak. Bederatzi sail eukiko dauzen gobernua aurkeztu dau Etxanobek; zazpiren kudeaketea EAJren esku egongo dira eta bi PSE-EEren esku.

Leixuri Arrizabalaga gatikarrak Lorea Bilboa ordezkatuko dau eta BFAko Kultura eta Euskera diputadu barria izango da. Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea izan da azken urteetan eta azkenaldion Hezkuntza Lege barriaren negoziazinoetan parte hartzen jardun dau buru belarri.  Aurretik be Gatikako alkate izandakoa.

Amaia Antxustegi lekeitiarrak Sergio Murilloren lekua hartuko dau eta BFAko Gizarte Ekintzarako diputadua izango da. Antxustegi aurreko foru gobernuan Ingurune Natural eta Nekazaritza diputadua izan zan.

Itxaso Berrojalbiz zornotzarra BFAko Ogasun diputadu barria izango da eta Jose Maria Iruarrizagaren lekukoa hartuko dau. Berrojalbiz EAJko legebiltzarkidea izan da eta ganbarako ekonomia batzordean jardun dau EAJko ordezkari.

Sonia Perez sozialistak BFAko Garraio diputadu izateko ardurea hartu dau eta Miguel Angel Gomez ordezkatu dau lan honetan. Eusko Jaurlaritzako Komertzio, Turismo eta Kontsumorako PSE-EEko sailburua izandakoa da.

Arantza Atutxa bilbotarra BFAko Ingurumen Natural eta Nekazaritzarako diputadua izango da. Aurreko legegintzaldian Nekazaritza zuzendaria izan zan Aldundian. Aurretik Gerediaga Elkarteko kudeatzaile eta Gorbeialde Landa Garapenerako alkarteko buru jardun eban.

Ager Izagirre azken 7 urteetan Mungiako alkatea izan da eta aurrerantzean BFAko Administrazino Publiko eta Erakundeen Hartuemonetarako diputadu barria izango da.

Aurreko foru legegintzaldian diputaduak izan ziran Imanol Pradalesek, Ainara Basurkok eta Teresa Laespadak euren zereginetan errepikatuko dabe

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular