Aurtengo denporaldiko Saskibaloiko Euskal Kopak euskal taldeen aurredenporaldia zarratzeko balioko dabe, Durangon eta Galdakaon.
Emakumezkoen taldeak Durangon jokatuko dau, Landako Kiroldegian. Bertan hiru euskal taldeen arteko hirukoa jokatuko da Lointek Gernika Bizkaia, Kutxabank Araski eta IDK Euskotrenen artean. Partiduak 3 egun desbardinetan jokatuko dira, lehenengoa irailaren 14an eguenean arratsaldeko 19.00etan, Kutxabank Araski-IDK Euskotren; bigarrena irailaren 16an, zapatu goizeko 12.00etan Lointek Gernika Bizkaia-Kutxabank Araski; eta hirugarren eta azkenengoa irailaren 17an domekan goizeko 12.00etan, IDK Euskotrenek jokatuko dau Lointek Gernika Bizkaiaren aurka.
Gizonezkoetan partidu bakarra izango da, Bilbao Basket eta Baskoniaren artean. Irailaren 15ean, arratsaldeko 19:30tan Urreta Kiroldegian, Galdakaon jokatuko da. Partiduaren prentsaurrekoa gaur goizeko 12.00etan izan da kiroldegi bertan, non bai Baskoniako, bai Euskal Saskibaloi Federazinoko, bai Bilbao Basketeko, bai Ibaizabal Saskibaloi taldeko, bai Galdakaoko Udalaren ordezkariek finala aurkeztu dabe. Klubei aurredenporaldia amaitzeko eta egoera fisikoa trebatzeko balioko deutsie, eta Galdakaoko herriarentzat oso baliagarria be izango dala argitu dau Iñigo Hernandok, alkateak, bai Galdakaoko herria mapan jarteko, bai herriko gazteek saskibaloira gehiago gerturatzeko.
Beraz, emakumezkoen eta gizonezkoen euskal kopako finaletara joateko gonbidapena egin dabe Euskal Saskibaloi Federazinotik, sarrerak bai beren webgunean, bai kiroldegietan bertan erosi ahalko dirala azalduz.