Fantasia DA! lelopean abenduaren 6tik 10ra bitartean egingo da 58. Durangoko Azoka. Goizean, egitaraua eta gune desbardinetan izango danaren barri emon dabe antolatzaileek. Beñat Gaztelurrutia Gerediaga alkarteko koordinatzaileak, azoka mamitsu eta aktuala izango dala aurreratu dau. Anitza eta gaztea, era berean. Gazteei zuzendutako inoiz baino jarduera gehiago izango dira, gazteek sortutakoak eta eurei begira egindakoak. Gazte EztanDA! ekimena bigarrenez egingo da eta abenduaren 8an izango da. Bezperan, Ikasle Goiza hartuko dau Azokak.
Durangoko Azokan 170 partaide izango dira 248 erakusmahaitan. 265 ekitaldi eta 950 nobedade izango dira guztira: 689 liburu, 179 musika produktu, 44 aldizkari eta bestelako 40 ekoizpen. Nabarmena da, musika produktuen hazkundea, igaz baino 38 ale gehiago izango dira. Komiki eta ilustrazinoek indarra hartu dabela nabarmendu dau Gaztelurrutiak. Komikiak argitaratzen dabenak alkarren ondoan egongo dira Landakogunen eta hainbat egile izango da aurten sinadurak banatzen. Nobedadea izango da, bestalde, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko dala pantaila erraldoi baten.
Azokako guneak
Urterolez, hainbat sortzaile igaroko da Durangoko Azokatik. Talaia gunea, hausnarketarako eta dibulgazinorako gunea da. Areto Nagusian eta Durangoko museoan izango dira saioak. Danetariko aurkezpenak izango dira bertan. Ahotsenean gogoratu, sortzaileen ahotik entzun eta ezagutu ahal izango dirala euren lanak. Bartolome Ertzilla musika eskolan izango dira sortzaileen aurkezpenak eta Plateruena Kultur Aterpean zuzeneko emonaldiak. Irudienean bitartean, euskerazko ikus-entzunezkoak jarraitu ahal izango dira Zugaza zineman. Inoz baino gazteagoa izango da gune hau. Izaroren bideoklip barria eskeiniko da bertan eta Gure Zirkuari buruzko dokumentalaren aurrestreinaldia be bai. Kabia eremu digitalean abenduaren 6 eta 7rako prestatu dabe egitaraua. Adimen artifiziala, software librea, digitalizazinoa edo euskeraren erabilerea indartzeko tresnak landuko dira bertan. Saguganbaran, haurrei eta familiei begirako aurkezpen eta ikuskizunak antolatu dira bost egunez. Szenatokian, barriz, disziplina ugariko sortzaileek antzerkia, dantza edo bakarrizketak eskeiniko dabez. Abenduaren 8an Sormen Bekaren emaitza aurkeztuko dau Jon Ander Urrestik, “Eucalyptus” izeneko antzezlana hain zuzen.
Beste ohar batzuk
Aurten be doako autobus zerbitzua eskeiniko da Iurretako autopista urteerako parkinetik Landakogunera, ordu erdiro. Baina abenduaren 10ean, hori bai, ez da egongo. Egun horretan, arratsaldeko 18:00etan itxiko dira Landakoko ateak, gainontzeko egunetan baino ordu bi lehenago. Halanda be, guneetako egitarauak abian jarraituko dabe iluntzera arte.
Durangoko Azoka Landakon amaitu eta biharamonean, Zu Non, Han DA! hasiko da. Azokako nobedadeak Euskal Herriko 88 dendetara helduko dira hain zuzen.