Bilbao Basketek Porton irabazi eta final hamaseirenetarako txartela eskuan dauka (72-75)

Baltzezko gizonek Europako bolada onarekin segitzen dabe FIBA Europe Cup txapelketan
Denzel Andersson Portugalen jokatutako partiduan / Bilbao Basket

FIBA Europe Cup-en bere aurpegi onena erakusten jarraitzen dau Surne Bilbao Basketek. Hori bai, lehiaketa kontinentalean be ez da gai partiduen fase askotan bere jarduna arintzen daben zalantzak, bildurrak eta gorabeherak uxatzeko, eta eragotzi egiten deutse ezustekorik barik, azken agoniarik barik, partiduak aurrera eroatea. Halanda be, Jaume Ponsarnauren mutilak aurrerapausu handia emon dabe martitzen honetan Porton, Dragao Arenan galdu barik egoan aurkari baten kantxan 72-75 irabazita. Hori bai, bizi-konstante globaletan ez zan hobekuntza handirik izan.

Baltzezko gizonak 42-27 azpitik ibili ziran atsedenaldira iritsi aurretik, energia- eta intentsidade-gabezia handiaren ondorioz. Hirugarren laurden bikaina egin eben 12-27 sendo batekin, eta amaieratik hiru minutura 66-75 jarri ziran aurretik markagailuan, amaiera nasaia izateko nahikoa izan behar eban koltxoia lortuz. Baina guztiz kontrakoa. Bilboko taldeak, erixpide oso gitxirekin, azken segundura arte sufridu eban. Izan be, 72-75eko emaitzeagaz, etxeko taldeak amaieratik bost segundo eskasera hirukoa izan eban luzapena behartzeko. Eskerrak Anthony Barberren jaurtiketea ez zala sartu.

Surne Bilbao Basketek bere nagusitasuna baliatu eban, partiduari beharrezko intentsidadea eta lehiakortasuna emon eutsazanean. Arazoa da lehen laurden biak oparitu ebazala. Charlon Kloofek nahi moduan jokatu eban NBAko joko antolatzaile bat balitz bezala, eta jokalari portugaldarrek % 53,8ko eraginkortasuna izan eben 6,75eko marratik, eta bere sendotasun falta beste behin be probauta geratu zala. Hirugarren laurdenean, Adam Smith (18 puntu), Sacha Killeya-Jones eta Alex Renfroe izan ziran talde bilbotarraren pisua eroan ebenak.

FIBA Europe Cup txapelketako final laurdenetarako txartela eskuratzeko oso garrantzitsua izan daitekean garaipena ekarri eban etxera Surne Bilbao Basketek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular