Lutxo Egia eta Jasone Akizu izango dira aurtengo Farolin eta Zaranbolas

Bilboko Aratusteetako pertsonaia txireneak iragarri dauz Bilboko Jai Batzorde Mistoak

Lutxo Egia idazlea eta Jasone Akizu izango dira, hurrenez hurren, aurtengo Farolin eta Zaranbolas. Bilbok konpartsen eskutik Aratusteak berreskuratu ebazala 45 urte beteko dira aurten eta 40 urte pertsonaia botxero hauek sortu zirala.

Farolin bilbotarra da, Bilbon bertan jaioa izan ez arren, bere jardun profesional edo publikoagatik harrotzen dana, eta ganera beti haizez beterik dabilena mundu guztiari esaten bera “Botxokoa” dala. “Semper Plus Ultra” (Beti harago) izan leiteke Farolinen lelo nagusia.

Lutxo Egia del Rio, Farolin, Santanderren 1969an sortutako bilbotarra dogu. Soziologoa ikasketaz, idazlea eta performerra ofizioz. Zazpikaleetako BIRA espazioko kultura koordinazinoan ibilten da, baina nobelak, ipuinak eta antzezlanak idatzi eta argitaratu izan dauz. Gaur egun, antzezlan bi daukaz martxan: Identitarteak (Galder Perez eta Ane Zabala antzezten dabena) eta Hamalau (Mikel Martinezen eskutik). Mozorrozalea izanik, inoiz ispilu aurrean jarri eta Oxtul Aige alter ego trabestitua itzuli deutso kristalak, egiazko identidadea zein zan ez genekiela.

Zaranbolas Bilboko pertsona bat da, ezerk ozpindu edo bizitza aldarazoko ez deutsona. Ondo bizitzea gustetan jakona, “Carpe Diem” / “Gozatu ahal dozun bitartean” da bere bizimodua ondoen adierazoten dauan goiburua.

Jasone Akizu Perez, Zaranbolas, Ondarroan jaio zan 1967an. Txistularia dogu bera eta txistu irakasle moduan dabil BilbaoMusika Eskolan. Azken urteotan Euskal Herriko txistularien Alkarteko lantaldeko kide izan da, lehenengo Bizkaiko ordezkari lez eta gaur egun alkarteko idazkaria dogu. Umore onean egoten eta une bakotxaz gozetan saiatzen dan pertsonea da Jasone.

Farolinen eta Zaranbolasen epaiketea 1984an sortu zan jai-ekimen baten ekitaldi nagusia da. Ekimen horren helburua zan Bilboko Aratusteetan inauteri tradizional eta landatarren elementu adierazgarrienetako bat ezartzea, urtero gaiztoak kondenau egiten baitziran. Gure urian gaiari kutsu txirenea emotea erabagi zan, ona-gaiztoa ekuazinoa saihestuz eta tonu umoretsuan sari baten alde eginez, bilbotarren nortasun arketipikoaren dualtasunaz burletako.

Tradizinoagaz jarraituz, aurten epaiketea barikuan egingo da, zezeilaren 9an, 19:30ean, Bilboko Plaza Barriko karpan. Epaiketearen ostean, 20:30etik aurrera Plaza Barrian, pertsonaia bien eskarnio publikoa egingo da, aratusteetako koplatxoen doinuakaz batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00