Mendi martxa familiarra, Larreinetako funikularraren mendeurrena ospatzeko

Domekan egingo da mendi martxea; izena emoteko epea zabalik dago
Larreinetako funikularra / Trapagarango Udala

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko sailak eta Euskotren soziedade publikoak Larreinetako funikularraren mendeurrena (1926-2026) ospatzeko programeagaz jarraitzen dabe, eta oraingoan, Euskotrenek mendi martxa herrikoi eta familiarra antolatu dau domekarako, garagarrilaren 5erako. Kultura Intereseko Ondasun izentautako garraiobide publiko honen, eta Larreineta eta Zugaztietako ingurune natural eta historikoaren artean harremanak estutzea da ekimenaren helburua, antolatzaileek azaldu dabanez.

Martxea edade eta baldintza fisiko guztietako pertsonek parte hartu ahal izateko diseinatu da. 09:30ean hasiko da, Larreinetako funikularraren goiko geltokitik. Zailtasun gitxiko 8 kilometroko ibilbide zirkularra antolatu da. Ibilbidea meatze ustiapeneko antzinako parajeetatik igaroko da, Zugaztietako parkea eta goialdeko inguruak moduko paisaiak lotuz. Ibilbidea amaitzean, parte-hartzaileek mokadutxoa izango da Larreinetako geltokian. Izena emoteko epea zabalik dago, doan, https://labur.eus/kb50ddyg estekaren bidez.

Euskotrenek, Trapagarango Udalagaz lankidetzan, urtean zehar ekintza bat baino gehiago antolatu dauz Larreinetako funikularraren mendeurrena gogoratzeko. Ekintza horreen artean, Correos erakundeak emondako legezko erabilerarako zigilu esklusiboa, Burdinbidearen Euskal Museoak koordinatutako joera historikoko liburu ilustratu eta komiki banaren edizinoa, funikularraren geltokietako argazki erakusketak, eta hainbat berbaldi tekniko eta ludiko dagoz, Bizkaiko meatze arroaren memoria kolektiboa jagoteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00