Athletic Erregina Kopako finalerdietan izango da

Talde zurigorriak UD Tenerife kanporatu dau penaltietan (7-6)

Athletic 2023-24 denboraldiko Erregina Kopako finalerdietarako sailkatu da, Lezaman, UD Tenerife penaltietan (7-6) mendean hartu ostean. Partidua erritmo biziagaz eta aukerakaz hasi da talde bientzat. Kanarietako taldeak aukera ona izan dau hirugarren minutuan, baina Nanclaresek erantzun ona emon deutso. Talde zurigorriak 10. minutuan markagailuan aurrea hartzea lortu dau, Ane Elexpuruk egindako golari esker. Eskuin hegaleko atzelariak jokaldi ederra egin dau, eskumatik, bakarrik geratu da Aline Reisen aurrean eta baloira loratuta, 1-0ekoa sartu dau.

UD Tenerife, baina, suspertu egin da eta 22. minutuan bardindu dau. Patri Gavirak egin dau banakoa, korner baten, burua. Adriana Nanclaresek ezin izan dau gol hori saihestu, baina ia jarraian Athleticeko atezainak geldiketa bikaina egin deutso Jassina Blomi.

Lehenengo zatiko azken tartean, David Aznarren taldeak zelai erdia bereganatu dau. Zuri-gorriek aukerak izan dabez bigarren gola sartzeko, baina ez dabe asmatu. Halanda be, aurreneko zatiko azken jokaldi arriskutsua Athleticen arean izan da. Nanclaresek beste geldiketa ikusgarri bat eginda, kornerrera bidali dau Itxasok gura barik bere aterantz egindako aldentzea.

Atsedenaldiaren ostean, UD Tenerife izan da nagusi baina arrisku handirik barik. Maddi Torrek baloia atera dau goleko marratik Gaviraren erremate baten ondoren, eta Nanclaresek barriro be geldialdi bikaina egin dau 1-2koa saihesteko. Minutu horreetan etxekoek sufriduten jakin dabe, zaleek lagunduta. Aznarren jokalariak, dana dala, ahalegindu dira 2-1ekoa sartzen luzapena iritsi aurretik. Baina ez da beste golik izan 90 minutuetan, eta kanporaketea luzapenean sartu da.

Bertan Jone Amezagak hurbil izan dau 2-1ekoa, area ertzetik botatako ezkerkada baten, eta Babajidek be sortu dau arriskua. Luzapena parekatuta joan da, nekea nabaria izan da talde bien aldetik. Luzapeneko bigarren zatian, amaierarako hamar minuturen faltan, epaileak bigarren txartel horia atera deutso Itxasori. Bat gitxiago izan arren, Athleticek bardinketeari eutsi deutso eta ganera, azken minutuetan talde bilbotarrak estutu egin dau eta garaipena ez dau urrun izan.

Penaltien txandea, eta azpimarratzekoa Adriana Nanclares atezainaren lana. Hiru penalti gelditu dauz, UD Teneriferen matchball bi salbatuz. Irene Oguizak ez dau huts egin eta eromena Lezaman.

2023-24 denboraldi honetan Lauko Finalaren formatua desagertzen da finalaurrekoetan. Partidu biko kanporaketea jokatuko da martian. Aurkaria, barikuan, 13:00etan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular