Athletic garaipenaren bidera itzuli da Mallorca mendean hartuta

Zuri-gorriek merezimentu osoz eskuratu ditue hiru puntuak 4-0 irabazita
Yuri Berchichek sartutako gol bat ospatzen Iñaki Williamsegaz / Athletic Club

Athleticek hiru puntuak eskuratu ditu barriro, Mallorcari 4-0 irabazita, azkenengo jardunaldi bietan sufridutako garaipen bako boladari amaiera emonez. Beraz, Athleticek 45 puntu ditu orain eta sailkapenaren bosgarren postuan jarraituko dau.

Partidua hasi eta hiru minutura, Yuri Berchichek Athleticen lehenengo gola eskuratu dau, Nico Williamsek erdiratutako falta baten ostean. Hain zuzen be, lehoien bigarren gola beste jokaldi estrategiko baten bitartez heldu da. Yuri Berchichek zuri-gorrien bigarren gola sartu dau 16. minutuan jaurtitutako korner baten. Golak alde batera itxita, aukera bako lehenengo zatia izan da San Mamesen jokatutakoa. Salbuespen bakarra Gorka Guruzetak egindako erremate on bat izan da, Rajković atezainak gelditutakoa.

Mallorcak aldaketa bakarra egin dau atsedenaldian. Copete atzelaria kendu eta Muriqi aurrelaria zelairatu dau Javier Agirre Onainidia entrenatzaileak. Halanda be, aldaketak ez dau eraginik euki partiduan. Mallorca arrisku barik hurreratu da Athleticen atera eta Athleticek hirugarren gola eskuratu dau kontraeraso baten, Gorka Guruzetaren bitartez. Valverde eguazteneko Errege Kopako finalaurrekoari begira ipini da eta aldaketak egin ditu. Esaterako, protagonismo gitxi daukien Iker Muniain eta Raul Garcia zelaira atera dira. Aldatutako jokalarien artean, Williams anaiak dagoz; biak urten dira minagaz zelaitik. Halanda be, Iker Muniain protagonista izan da, Athleticen laugarren gola sartu dau eta, jaurtiketa gurutzatu bati esker.

Errege Kopa

Athletic Errege Kopan murgilduko da barriro be eguaztenean. Gaueko 21:30etan jokatuko dabe lehoiek Metropolitano zelaian Atletico Madrilen aurka. Datozan egunetan Williams anaien eta Berenguer bezalako jokalarien egoera fisikoa hobera joatea itxaroten dau Athleticek, aitatutako partidurako danak fin egoteko. Errege Kopako partidua eta gero, Gaizka Garitanok zuzendutako Almeria izango da Athleticek hurrengo jardunaldian eukiko dauan aurkaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular