Athleticek urrezko hiru puntu eskuratu ditu Gironaren aurka (3-2)

Talde bilbotarrak Txapeldunen Ligako burrukari eutsi deutso eta Betisekiko tartea handitu dau

Athleticek urrearen balioa daukan garaipena lortu dau San Mamesen, Girona 3-2 mendean hartu ostean. Garaipenari esker, zuri-gorriek 49 puntu ditue orain eta, sailkapeneko bosgarren postuan jarraitu arren, aurrerapauso oso garrantzitsua emon dabe Txapeldunen Ligara joateko lehian. Izan be, Betisekiko aldea handitu dabe, Gironarekikoa murriztu bitartean.

Partidua hasi eta minutu bira, Alex Berenguerrek Athleticen lehenengo gola eskuratu dau, areatik kanpo egindako jaurtiketa bati esker. Beraz, oso goiz ipini da Athletic aurretik markagailuan. Talde bilbotarrak lehen zati erosoa bizi izan dau. Izan be, egondako aukera gehienak Athleticenak izan dira. Aukeren esparruan, Iñaki Williamsek eukitako bi nabarmendu behar dira. Halanda be, albiste txarrak be egon dira lehen zatian. Iñigo Lekue lesionatu eta Oscar De Marcos zelairatu da.

Bigarren zatian norgehiagoka guztiz zoratu da. 49. minutuan, Tsygankovek bardinketaren gola sartu dau, Gironak bigarren zatiaren hasieran eukitako bigarren aukeran. Athleticen erantzuna azkarra eta eztabaidaezina izan da. Gironak atzekaldean erakutsitako ahultasunaz baliatuz, Berenguerrek eta Iñaki Williamsek Athleticen bigarren eta hirugarren golak sartu ditue, hurrenez hurren. Hain zuzen be, Iñaki Williamsek beste gol aukera garbia euki dau laugarren gola sartzeko, baina ez dau asmatu. Asmatu dauana Eric Garcia izan da. Atzelari katalanak Gironaren bigarren gola eskuratu dau buruz eta markagailua estutu dau. Azkenengo minutuetan Gironak hainbat aukera izan ditu. Dana dala, Unai Simon eta Vivian fin ibili dira eta hiru puntuak etxean gelditu dira.

Gironakoa ez da Athleticek aste honetan eukiko dauan partidu bakarra izango. Domekan zuri-gorriek Sevillako Benito Villamarin estadioan arituko dira, Real Betis taldearen aurka. Momentuz, Athleticek 10 puntuko aldea dauka Betisekiko. Beraz, behin betiko ezpata-kolpea emoteko aukera eukiko dau Athleticek hurrengo partiduan. Norgehiagoka Errege Kopako finalaurrekoen bigarren partiduaren aurretik jokatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular