Aukera bikaina galduta

Athleticek ezin izan eban irabazi Almerian bigarren zati ia osoan hamar jokalariren aurka aritu arren
Gaizka Garitanoren Almeriak hamar gizonegaz jokatu eban bigarren zatian, Ramazanik txartel gorria ikusi ebalako 53. minutuan / ATHLETIC CLUB

Athleticek aukera bikaina galdu dau sailkapenean jauzi garrantzitsua emoteko. Ernesto Valverderen taldeak ezin izan deutso irabazi Almeriari, bigarren zatiaren zortzigarren minututik aurrera hamar jokalariren aurka aritu arren. Zuri-gorriek ez dabe meritorik egin garaipena eskuratzeko eta galtzeko zorian be egon dira, azken minutuetan Marezik Unai Simonen ateko zutoinera jaurti eban-eta.

Cadizen zelaian bapezna bardindu ondoren, Ernesto Valverdek esan eban partidua ez zala historian sartuko. Ba atzoko norgehiagoka be inor gitxik gogoratuko dau, Athleticek aukera bikaina galdu ebala nabarmentzeko ez bada. Zuri-gorriak ez ziran gauza izan Almeriaren atea zulatzeko, etxetik kanpo jokatutako azken partidu bietan, Valentzian eta Cadizen, gertatu jaken moduan. Txapeldunen Ligarako postuak esku-eskura ditu Athleticek baina sailkapeneko goialdean sartzeko hirunaka lortu behar dira puntuak. Cadizen aurkako partiduan bardindu izana, Bartzelonaren aurka kopan lortutako garaipen bikainaren albo-kaltetzat jo genduan. Almerian, ostera, ezin da aitzakirik onartu. Valverderen gizonek bost eguneko atsedena hartzeko aukerea euki eben Metropolitanon jokatu ostean baina ez dabe freskotasunik eta argitasunik erakutsi Power Horse estadioan.

Nico Williams, Gorka Guruzeta eta Dani Vivian barik ekin eutson talde zuri-gorriak Almeriaren aurkako partiduari. Ganera, Oihan Sancet ordezkoen aulkian iztea erabagi eban entrenatzaileak. Beste alde batetik, azken partiduetan lan bikaina egin eban Beñat Prados ez zan hasierako hamaikakoan izan.

Bizi ekin eutson partiduari talde zuri-gorriak eta hirugarren minutua bete baino lehen iritsi zan lehen jaurtiketea Mikel Vesgaren eskutik. Unai Gomezek beste jaurtiketa bategaz amaitu zan bilbotarren sakontasuna. Izan be, hortik aurrera ez eben arrisku handirik sortu lehen zati osoan. Halandabe, Paredesek aukera bikaina euki eban bere taldea aurreratzeko baina Almeriako atezainak erantzun bikaina emon eutson haren burukadeari. Villalibreren jaurtiketa bategaz amaitu ziran zuri-gorrien gol aukerak lehen zatian.

Raul Garcia eta Iker Muniainen aldeko apostua egin eban Valverdek partiduaren norabidea aldatzeko. Ganera, bigarren zatiaren zazpigarren minutuan Almeria hamar gizonegaz geratu zan Ramazanik txartel gorria ikusi ebalako. Athleticeko entrenatzaileak Sancet eta Ander Herrera zelairatu ebazan erasoko jokoa indartzeko. Zuri-gorriek gorputz eta arima jarri eben bedartzan garaipenaren golaren bila baina ez eben helburua bete. Ez ziran urrun ibili, Raul Garciak zutoinera bidali eban baloia-eta Ander Herrerak egindako erdiraketa baliatuta. Hurrengo jokaldian Almeriak garaipenaren gola sartzeko aukera bikaina euki eban baina Mareziren errematea zutoinera joan zan. Kontuak kontu, Athleticek denporaldiko partidurik txarrenetakoa egin dau Almerian, sailkapenean jauzi handia egiteko aukerea eukanean. Ezinean ibili ziran atzo zuri-gorriak Andaluzia aldean eta holan  jokatuta ez dago hiru puntuak eskuratzerik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular