Txapeldunen Ligea oso gatx ipini jako Athletici

Atletico de Madridek sei puntuko aldea kentzen deutso sailkapenean atzo 3-1 nagusitu ostean Metropolitanon
Samuel Linok sartutako golak min handia egin eutson Athletici / Athletic Club

Athleticek porrot mingarria jaso dau Civitas Metropolitanon. 3 eta 1 galdu dau Cholo Simeoneren taldearen aurka. Ernesto Valverdek esan eban moduan, Athleticek final bat eukan Atletico de Madrilen aurka baina, Cartujan ez bezala, lehoiek ez dabe euren maila onena emon.

Madrildarrak aurreratu dira lehen zatian. Rodrigo de Paulek area ertzetik jaurtiketa egin, Iñigo Ruiz de Galarretaren izterrean emon, baloia desbideratu eta sare barrura joan da. Unai Simonek ezin izan dau ezer egin. Lehen zatia amaitu baino lehen, 45. minutuan, Antoine Griezmannek baloi bat galdu eta hiru aurrelarien artean jokaldia landu ostean, Nico Williamsek bardinketaren gola sartu dau. Ezer gitxi gehiago lehen zatian. Protagonista nagusiak Wandako hego harmailako zaletu batzuk izan dira, Nico Williamsi eginiko arrazakeria irainak dirala eta.

Bigarren zatia gogotsu hasi dabe Ernesto Valverderen mutilek, baina 7. minutuan Kokek pase zoragarria sartu deutso Correari eta honek ez dau parkatu Unai Simonen aurrean. Barriro be Athletic atzetik, baina oraingo honetan jokalariek ez dabe lehen zatiko jarrerea erakutsi. Valverdek hiru aldaketa egin dauz taldearen bizkar hazurrean, Ander Herrera, Berenguer eta Muniain zelairatu dauz Yeray, Guruzeta eta Sanceten ordez. Baina aldeketek be ez deutsie hauspo handirik emon lehoiei eta Samuel Linok, zutoinaren eta suertearen laguntzeagaz hirugarren gola egin dau. Valverdek Vesga eta Raul Garcia zelairatu dauz mirariaren bila, baina gauzak urteten ez daben egunetan, alperrik da. Emaitza honekin, Atletico de Madril sei puntura urrundu da eta 15 puntu baino ez dagoz jokoan Liga txapelketea amaitzeko. Txapeldunen Ligara sailkatzeko inoiz baino gatxago dauka Athleticek, baina ez ezinezko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular