Presino barik ekin deutso Athleticek Besiktasen aurkako Europako Ligako partiduari eta igarri egin da zelaian. Zuri-gorriek denporaldiko porrot mingarriena jaso dabe. Ezinean erasoan eta sendotasun barik atzealdean. Gauza handirik egin barik, etxeko taldeak lau bider zulatu dau Julen Agirrezabalaren atea eta gol gehiago sartzeko aukerak be euki ditu. Porrot mingarria jaso arren, Athleticek bizi-bizirik ditu Europako Ligako final zortzirenetan zuzenean sartzeko aukerak. Lehen faseko zortzigarren eta azken jardunaldiko partiduan, Viktoria Plzenen aurka, puntu bat lortu ezkero, Valverderen taldeak bere helburua beteko leuke.
Arestian esan bezala, Besiktasen aurka galdutako partiduak ez deutso kalte handirik egingo talde zuri-gorriari, batez be aurretik jokatutako partiduetan punto uzta handia eskuratu ebalako. Ondo bidean eta karanbola zororen bat gertatu ezean, Athletic zuzenean sailkatuko da Europako ligako final zortzirenak jokatzeko. Halanda be, Valverdek eta bere jokalariak ondo aztertu behar dabe Istanbulen gertatutakoa. Bizitasun eta tensino barik sartu dira zuri-gorriak partiduan eta Besiktasek gauza gitxi eginda lortu dau markagailuan aurretik ipintea. Lehen zati negargarri baten ostean Unai Gomezek bizitu egin dau bere taldea banako bardinketea sartuta.
Bigarren zatia be lehenengoaren antzera hasi da. Zuri-gorriak ezinean aurrean zein atzean. Besiktasen bigarren gola ate joka ebilen eta azkenean iritsi egin da. Valverdek Iñaki Williams eta Iñigo Ruiz de Galarreta zelairatu ditu erasoko jokoa indartzeko asmoagaz baina maniobreak ez deutso ondo irten Galarretak zelaia itxi egin behar izan ebalako lesionaturik. Esan geinke hortxe amaitu dala partidua. Egia esateko ez da holan izan Besiktasek beste gol bi sartu ditu-eta.
Zazpi aldaketa egin ditu Valverdek hasierako hamaikakoan eta taldeak igarri egin dau. Nuñez-Paredes bikoteak ez dau sendotasunik erakutsi -De Marcos eta Yuri be ez dira fin ibili- eta erasoan gauza gitxi egin dabe zuri-gorriek. Valverdek egindako aldaketek be ez dabe ezer aldatu, onerako behintzat. Kontuak kontu, kolpe gogorra Athleticentzat baina sailkatze zuzena ez dago arriskuan. Ausnarketarako tartea orain, txarto egindakoak aztertu eta konpontzeko bidean ipinteko.