
Athleticek Europan jokatuko dau hurrengo denporaldian, Las Palmasen aurkako partidua irabazi eta gero San Mamesen (1-0). Iñaki Williamsek talde zuri-gorria aurreratu dau markagailuan norgehiagoka hasi eta ia berehala eta talde bilbotarrak lortutako abantailari eutsi deutso azken momentura arte. Esan bezala, lortutako garaipenari esker, Europarako sailkapen matematikoa berretsi dabe lehoiek. Orain, Txapeldunen Ligarako sailkapena eskuratzea da helburua.
Ernesto Valverdek bere hasierako hamaikakorik onena zelairatu dau. Beharbada, falta izan dan jokalari bakarra Nico Williams izan da, baina lesino batetik urten danez Berenguerrek ekin deutso norgehiagokari. Gauzak ezin izan dira hobeto hasi etxeko taldearentzat. Talde zuri-gorria markagailuan aurreratu da eukindako lehen aukeran. Ruiz de Galarretak pase ona emon deutso Iñaki Williamsi eta aurrelariak baloia sareetara bialdu dau kontrol ederra egin eta gero. Halanda be, albiste txarrak be izan dira lehen zatian. Oihan Sancet lesionatu da eta Peio Canalesek bere tokia hartu dau zelaian.
Bigarren zatian, Athletic ez da bigarren gola sartzeko gai izan eta azken jokaldira arte sufridu behar izan dau. Lehoiek bigarrena sartzeko aukera batzuk euki dabez, baina ez dabe asmatu. Esaterako, Alex Berenguerrek langara errematatu dau bigarren zatiaren hasieran. Athleticen bigarrena heltzen ez zala ikusita, Las Palmas erasora joan da bardinketaren golaren bila eta bardinketa gertu izan da. Izan be, Januzajek langara bialdu dau urrunetik egindako jaurtiketa. Edozelan be, defentsan egindako lanari esker, Athleticek garaipena berretsi dau eta 60 puntuko mugara heldu da aurtengo ligan.
Partidu bako astegoiena
Athleticek ez dau partidurik jokatuko astegoien honetan. Zapatuan Bartzelona eta Real Madril izango dira aurrez aurre Errege Kopako finalean. Ondorioz, ez da ligarik egongo. Athleticen hurrengo norgehiagoka maiatzaren 1ean izango da, hurrengo asteko eguenean, Manchester Uniteden aurka San Mamesen, Europa Ligako finalaurrekoen joaneko partiduan. Bueltakoa zazpi egun beranduago jokatuko da Ingalaterran eta tartean lehoiek Donostiara osterea egingo dabe ligan Errealaren kontrako Euskal Derbia jokatzeko.