Europa Ligako finalaurrekoetara heldu da Athletic hirugarren aldiz bere historian (2-0)

Zuri-gorriek merezidutako garaipena lortu dabe Rangersen aurka eta Europa Ligako finalaurrekoetara itzuli dira 13 urte eta gero
Oihan Sancetek Athletic aurreratu dau kanporaketan penalti puntutik / Athletic Club

Athletic Europa Ligako finalaurrekoetan izango da, Rangers atzean itxi eta gero San Mamesen final-laurdenetako bueltako partiduan (2-0). Lortutako garaipenari esker, lehoiak Europa Ligako finalaurrekoetara itzuliko dira 13 urte eta gero. Aurtengoa Europa Ligako hirugarren finalaurrekoa izango da Athleticentzat bere historian, 1977. eta 2012. urteetan jokatutakoak eta gero. Aurreko aldi bietan finalera heldu zan Athletic. Oraingoan, Manchester United izango da azken oztopoa.

Ezusteko gitxi egon dira Ernesto Valverderen hasierako hamaikakoan. Iñaki Williamsek ezin izan dau jokatu azkenean eta Alex Berenguer zelairatu dau Txingurrik bere ordez. Aurrekaldean Maroan Sannadik jokatu dau, lehen zatiko jokalaririk onena. Hain zuzen be, lehen zatiko luzapenean aurrelariari egindako penalti bati esker aurreratu da Athletic markagailuan. Oihan Sancetek talde zuri-gorria aurreratu dau kanporaketan penalti puntutik, zutoinetik gertu egindako jaurtiketari esker.

Bigarren zatian, Athletic bigarren golaren bila urten da, baina zoratu barik. Lehoiek pazientzia euki dabe eta 80. minutuan, Nico Williamsek Athleticen bigarren gola sartu dau buruz, Oscar de Marcosen erdiraketa zehatz baten ostean. Azken minutuetan, festa lehertu da San Mamesen eta zaleak finalaurrekoetarako sailkapena ospatzen hasi dira.

Esan bezala, Manchester United eukiko dau Athleticek aurrean finalaurrekoetan. Joaneko partidua Bilbon jokatuko da maiatzaren 1ean. Bueltako partidua, aldiz, zazpi egun beranduago jokatuko da, maiatzaren 8an, Old Trafford estadioan.

Santiago Bernabeura osterea

Dana dala, ligako partidu bi jokatu beharko ditu Athleticek aurretik. Talde zuri-gorriak Real Madrilen kontra jokatuko dau domekan Santiago Bernabeu estadioan, gaueko 21:00etatik aurrera. Ostean, Las Palmas jasoko dau San Mamesen, eguaztenean arratsaldeko 19:00etan. Izan be, Athleticek ez dau partidurik eukiko hurrengo asteko astegoienean, Errege Kopako finala izango dalako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00