
Ez da ezustekorik egon Borussia Dortmundek eta Athleticek Txapeldunen Ligearen bigarren jardunaldian Alemanian jokatu daben partiduan eta etxeko taldearentzat izan dira hiru puntuak. Halandabe, lau eta bateko markagailuak ez dau erakusten zelaian gertatutakoa, Athletic bardinketea lortzeko zorian egon da-eta.
Borussia Dortmunden aurkakoa partidu gatxa, oso gatxa zan Athleticentzat arrazoi askogaitik. Alde batetik, talde alemaniarra oso indartsu agertu da denporaldi honetan jokatu dituen partiduetan, bere zelaian zein handik kanpo. Beste alde batetik, zuri-gorriek minutu asko pilatu ditue azken asteetan eta, ganera, barriro jokatuko dabe datorren zapatuan Mallorcaren aurka San Mamesen, derrigorrez irabazi beharreko partiduan. Horreri guztiari gehitu behar jakoz, Nico Williams, Berenguer eta Vesgaren lesinoak. Holan, Borussia Dortmund faborito garbia zan Athleticen aurkako partiduan.
Valverdek aldaketak egin behar izan ditu hamaikakoan, normalean hasieratik jokatu eta minutu asko pilatu dabezan jokalariei atsedena emonda. Gorosabelek eta Lekuek jokatu dabe atzealdeko hegaletan, Rego lehenengoz aritu da hasieratik Jauregizar nekaezinaren alboan, eta Maroan hamaikakora itzuli da. Valverdek zelairatutako hamaikakoari bueltea emonda, Areso, Yuri, Laporte, Ruiz de Galarreta, Sancet eta Berenguer barik ekin deutso talde zuri-gorriak Txapeldunen Ligako bigarren partiduari.
Lehen zatia esperotako bidetik joan zan. Etxeko taldea baloiaren jabe eta bultzaka garaipenaren bila eta Athletic lehentasun argi bategaz: Unai Simonen atea ahalik eta ondoen zaindu. Ordu erdi iraun deutso sendotasunak Valverderen taldeari, Svenssonek Adeyemiren erdiraketa bikaina sareetara bialdu dauen arte. Ordura arte, Borussiak ez eban ia arriskurik sortu Athleticen atean. Etxeko taldearen aldeko 1´0ekoagaz hartu dabe talde biek aldageletara bidea.
Valverdek hiru aldaketa egin ditu atsedenaldian, Laporte, Galarreta eta Guruzeta zelairatuta, Vivian, Jauregizar eta Iñaki Williams kenduta. Zuri-gorriak politto jokatzen hasi eta bosgarren minututa bigarren gola sartu dau Borussiak. Partidua erabagita egoala zirudian. Inor gitxik emoten eutson Athletici markagailua iraultzeko aukerarik. Zuri-gorriek, ostera, ez eben amore emon eta Galarretak bikain zuzenduta aurkariaren atera hurreratzen hasi ziran hamaseigarren minutuan Guruzetak 2-1ekoa sartu eban arte. Gol horrek bildurra barru barruraino sartu deutso Borussiari, segurutzat joten eben garaipena kolokan ikusten hasi diralako. Bardinketaren gola be sartu dau Athleticek Robert Navarroren bitartez baina epaileak balio barik itxi dau zuri-gorria jokoz kanpo egoalako. Handik gitxira, Navarroren jokaldi bikaina ezkerretik eta haren erdiraketea sareetara bultzatzeko zorian geratu da Guruzeta, atzelariak bota punteagaz urrundu dauelako baloia. Athleticen ekinak ez eban saririk jaso eta partiduaren ondarrean, baina, talde alemaniarrak beste gol bi sartu eta erabagita itxi dau norgehiagoka. Ibon Sanchez gazteak lehen minutuak jokatu dauz elastiko zuri-gorriagaz. Valverdek, ostera, ez deutso minutu bat bera be emon Oihan Sanceti.