Bizkaiko Psikologia Elkargoak psikologia kalera eroango dau Bilbon, Barakaldon eta Zallan

'Psikologia kalean' ekimenaren edizino barri bat egingo da maiatzean

Osasun psikologikoa, antsiedadea, zaintza, amatasuna eta aitatasuna, suizidioa, nerabezaroa… errealidade konplexu eta hurbilak dira, eta barriro be alkarrizketarako eta hausnarketa partekaturako gai izango dira Psikologia kalean ekimenaren bosgarren edizinoan. Ekimen honen bitartez, Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialak (Bizkaiko PEO) ikasteko, partekatzeko eta psikologiara hurreratzeko aukera emon gura deutse herritarrei, sektoreko profesionalen eskutik. “Bosgarren edizino honetan, Psikologia kalean ekimenak psikologia hurbilduko deutse barriro herritarrei, eguneroko errealidade eta kezkak erdigunean jarriz; beti be, diziplinaren ezaugarri dan zorroztasunetik eta profesionaltasunetik abiatuta. Azken helburua pertsonei eta komunidadeari euren ongizatea eta bizi kalidadea hobetzen laguntzea da, ezagutza psikologikoa gizartearen zerbitzura jarriz”, adierazo dau Begoña Rueda dekanoak.

Aurten be, Bilbo izango da edizino barri honen eszenatoki nagusia. Psikologia kalean programazinoaren zatirik handiena hartuko dau maiatzaren 14an eta 15ean. Jardunaldietan zehar osasun emozionala, autozainketa, bikote-harremanak, memoria, amatasuna eta aitatasuna, edo gaixotasun baten ondoren lan-mundura itzultzea moduko gaiak jorratuko dira. Bizkaiko hainbat ikastetxetako ikasleek be parte hartuko dabe, ikasgeletako antsiedade eta lidergo toxikoei buruz hausnartzera, beste gai batzuen artean.

Edozelan be, Bizkaiko PEOk beste udalerri batzuetara be hurreratuko dau Psikologia kalean programa. Ekimena Barakaldon izango da maiatzaren 7an eta 8an, Zallan 12an eta 13an, eta Abadiñon 18an eta 21ean, “psikologia Bizkaiko hainbat tokitara hurbiltzea dalako asmoa”, gogorarazo dau Ruedak.

Psikologia Sarien banaketea

Maiatzaren 15ean, 12:30etatik aurrera, Psikologia Sariak banatuko dira. Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialak sortutako ekimen honen bitartez, psikologia eragile eraldatzaile lez egiten daben ekarpenagatik nabarmentzen diran entidade, erakunde, enpresa edo pertsonak aintzat hartzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00