Athleticek 0-1 galdu dau Valentziaren kontra San Mamesen, ligako 35. jardunaldian, eta datorren denporaldian Europan jokatzeko aukerei agur esan deutse ia. Europako trena badoa eta Athletic ez da bertara igoteko gai izaten ari. Hiru partidu besterik ez dira falta liga amaitzeko, eta litekeena da zazpi puntu behar izatea, gitxienez, datorren denporaldiko Konferentzia Ligan jokatzeko. Misino gatxa, beraz. Ernesto Valverdek San Mamesen txalo zaparrada eta omenaldia jaso dau partiduari ekin aurretik, aurreko jardunaldian 500 partidu bete ebazalako talde zuri-gorriaren aulkian. Taldeak ezin izan deutso garaipenik oparitu.
Lehen zatian, Athleticek baloiaren kontrola euki dau, baina ez da aukeretan islatu. Esaterako, erremate bakarra egin dabe lehoiek lehen zati osoan. Edozelan be, Valentziak be behin bakarrik jaurti dau Unai Simonen atera hasierako 45 minutuetan. Kontuak kontu, lehen zatiko aukerarik onena Valentziaren aldekoa izan da. 27. minutuan, Hugo Durok kanpoko taldea aurreratzeko aukera paregabea euki dau, Yuri Berchichek egindako penalti argi baten bitartez, baina bere errematea kanpora joan da, langan jo ostean. Beraz, husnakoagaz heldu da partidua atsedenaldira. Aurretik, Nico Williams lesionatu da eta Iñaki Williams anai nagusiak bere tokia hartu dau zelaian.
Valverdek bigarren aldaketa egin dau atsedenaldian bertan. Kasu honetan, Laporte gelditu da aulkian eta Vivianek jokatu ditu azken 45 minutuak. Bigarren zatian parekotasuna nagusi izan da barriro be, seinale txarra Athleticentzat, San Mamesen jokatu dauala kontuan hartuta. Azkenean, jokaldi solte batek erabagi dau norgehiagoka itxia. 72. minutuan, kontraerasora urten da Valentzia, eta jokaldi korapilatsu baten, Luis Riojak erdiraketa ipini eta zelaian hiru minutu eroazan Sadiquek baloia sareetara bialdu dau, Viviani aurrea hartu ondoren. Markagailuan aurreratu eta gero, Valentziak erlojuagaz jokatu dau -Dimitrievski atezainak denpora asko galdu dau- eta Athletic indargabe bat ikusi da. Beraz, hiru puntuak Turiako uriburura joan dira. San Mamesek txistuekaz agurtu dau bere taldea.
Hiru partidu denporaldia salbatzeko
Egoera gatxa izan arren, Athleticek datorren denporaldian Europan jokatzeko aukerak ditu oindino, hemendik aurrera huts egiteko tarterik egon ez arren. Zuri-gorriek Espanyolen kontra jokatuko dabe eguaztenean, hiru egun barru, Bartzelonan. Ostean, Vigoko Celta jasoko dau Athleticek San Mamesen datorren domekan. Azkenik, Real Madrilen kontra jokatuko dau talde bilbotarrak denporaldiko azken norgehiagokan, astegoien bi barru, Bernabeu estadioan. Esan bezala, litekeena da zazpi puntu behar izatea, gitxienez, Konferentzia Ligaren parte izan izateko irailetik aurrera, plenoaren beharra alde batera itxi barik.