Irailean hasiko dira Sondikako osasun-zentroa zaharbarritu eta handitzeko lanak

Obretan 4,3 milioi euro inbertiduko dira; hiru solairuko eraikin barria eregiko da

Osasun Sailak eta Osakidetzak irailean hasiko dabez Sondikako osasun-zentroa erabarritzeko eta handitzeko lanak. Udalak itxitako 660 metro koadroko lursail baten, hiru solairuko eraikin barria eregiko da. 4,3 milioi euro inbertiduko dira lanetan. Ekipamendu barria bost biderrez handiagoa izango da, eta hortaz, zerbitzu gehiago eta gaitasun asistentzial handiagoa eskaini ahal izango jake biztanleei. Gaur bertan proiektuaren eraikuntza-lanen lizitazinoa argitaratu da.

Sondikako Udalak itxitako lursail hori Jose Antonio Agirre etorbideko 41. zenbakian dago kokatuta, herriko kiroldegiaren ondoan, eta gaur egun erabiltzen dan osasun-zentroari atxikita dago. Gaur egungo osasun-zentroa 1993an hasi zan funtzionetan. Eraikitako 275 metro koadro daukaz, eta 8 kontsulta daukaz. Aurreikusitako erabarritzeak eta handitzeak, osasun-zentroak gaur egun udalerrian emoten dauan baino zerbitzu gehiago hartzea ekarriko dau. Osasun-zentro barriak 1.328 metro koadro inguruko azalera erabilgarria izango dauka. Hau da, gaur egun dagoan azalera bost biderrez biderkatu da, eta gaitasun asistentziala bikoiztuko da.

Aurreikuspenen arabera, Sondikako osasun-zentroa erabarritzeko eta handitzeko lanak 2026ko irailean hasiko dira, eta itxaroten da 2029ko urtarrilerako martxan egotea, beharrezkoa dan ekipamenduaz hornitu eta ostean. Danetara, obren, ekipamenduaren, proiektuaren eta obra-zuzendaritzaren eta lizentzia eta baimene artean, Osakidetzak 4.365.000 euroko aurrekontua kalkulatu dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00